2018ko Batzar Nagusia egin dute ikastolek
Orioko Herri Ikastolaren egoitzan bildu ziren Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatibako bazkideak ekainaren 14ko Batzar Nagusian. Deitutako ikastolakideen %80 bertaratuta, Artezkaritza Kontseiluak mahai gainean jarritako proposamen guztiei oniritzia eman zioten bazkideek, %90etik gorako aldeko botoekin.
Iazko kontuak itxi –aurten ere irabaziak izan dira, ez handiak, baina aurreko bi sasoietako errekuperazioaren ildoa berresten ari denaren seinale izan da– , aurtengo kudeaketa txostena onartu, bazkide berriak onartu eta Artezkaritzaren berriztapen partziala onartu zuten Orioko batzarrean, eta Ikastolen Elkartean lantzen ari diren ildoen berri eman zen.
Alor pedagogikoa
Alor pedagogikoan buru belarri ari dira lanean. Material sorkuntzan, bereziki Lehen Hezkuntzak hartu du protagonismoa, EKI proiektuaren baitan garatzen ari direna, baina etapa guztietan ari dira lanean, eta nabari da. Nabari da, bai azterketa lanetan eta baita ere sorkuntzan egiten ari diren urratsak –Haur Hezkuntzako hIZAN markoaren garapena, DBHko inklusiorako prototipoa, Batxilerrerako proposamen berriak, KiVa programaren hedapena DBHn…–, ikastolentzat eta ikastolekin. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta elkarrekin eta elkarrentzat lan eginez.
Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra martxan jarri da ikasturte honetan ikastola askotan, eta gehiagotan jarriko da heldu den ikasturtean. Ikastolak egiten ari direna eta lortu nahi dutena erkatzen ari dira, zein puntutan dauden aztertzen, helburura iristeko zer egin behar duten ikusten… ikasleak erdigunean jarrita. Ez da egiteko samurra, baina bai beharrezkoa, eta ikastoletan oso harrera ona izan du. Prozesuak hurrengo urteak hartuko ditu.
Ikastolen hazkundea ere aipatzekoa da. Izan ere, Baionako Lizeo berria errealitatea da dagoeneko, eta baita Bokaleko ikastola ere. Argantzun ikastola hazteko urratsa ere egin da, eta lortu da Manzanosen Lehen Hezkuntza emateko baimena.
Nafarroan, ikastolak zenbait alderdiren jo-puntuan izan dira, eta Kontuen Ganberaren azterketa igaro behar izan dute ikastola batzuek. Eta frogatu dute ikastolek ez dutela ezer ezkutatzekorik. Aitzitik, beren kontuak garbi daudela ikusi da, jasotzen duten finantzaketa publikoa zuzen erabiltzen dutela, eta Ganberak berak onartuta, eredugarri ere badirela. Bestalde, pozteko arrazoi bat ere bada, zenbait kontzertu gehiago lortu dituztelako hainbat ikastolatan.
Lehen aipatutako Baionako Lizeo berriari eta Bokaleko ikastolari gehitu behar zaie Seaskako beste ikastoletan ematen ari den hazkundea. Berri zoragarria da, urterik urte egiten ari den lan onaren emaitza. Baina badirudi, Frantziako Gobernuarentzat ez dela berri ona. Eta hazkundea geldiarazteko orain aukeratu duen bidea, hazkundeari erantzuteko ikastolek behar dituzten irakasleak ukatzea izan da. Lan eta borroka handiak daude egiteko 25 postu berriak eskuratu ahal izateko.
Lan harremanetan negoziatzen ari dira, bai Ikastolen Elkarteko lan batzordearekin, eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eta Nafarroako ikastoletako lan itunerako mahaiekin ere. Oraindik ez da akordiorik izenpetu, baina ikastolek akordioa lortzeko borondatea eta prestasuna adierazi dute.
Ikastolen eskualdekako bilerak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, maiatzean eta ekainean eskualdekako bilerak egin dituzte ikastolekin, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Itunerako Proposamena aztertu eta jarrera bat hartzeko. Iaz ere Hezkuntza Lege berri baterako ikastolen proposamena landu zuten, eta aurtengoa haren jarraipena izan da. Azpimarratzekoa izan da bilera hauetan ikastolakideek erakutsi duten jarrera on eta parte-hartzailea. Hausnarketa sakonak egin dituzte eta hasierako proposamena aberastu egin dute elkarrekin.
Bilera hauetan atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzearen gaia ere atera da. Eta garbi dute gai hau ikastolen aurka egiteko erabiltzen ari direla sektore batzuk. Garbi dute, gai hau ez dela kasualitatez irten uneotan, Hezkuntza Akordiorako proposamena hor dagoenean. Era berean garbi daukate ikastolek gai honek garrantzia handia duela, eta ikastolek euren matrikulazio kopuruari legozkiokeen atzerritar jatorria duten ikasle guztiak hartu nahi dituztela. Gai honen inguruan proposamen bat plazaratuko dute aurki.
Era berean, oso argi dute, ikastolontzat, lehentasuna euskarak eta euskal curriculumak dutela, eta horretan egingo dutela indarrik handiena, beste gai asko ere kontuan hartzen dituzten arren, baita segregazioaren arriskua ere. Izan ere, ikastolak oso kezkatuta daude azken ebaluazio probetan euskararen ezagutza mailak behera egin duelako. Horri erantzuteko, ikastolek euren Hizkuntza Proiektua berritzeari ekin diote HUHEZIrekin elkarlanean.
Gai horiei guztiei erantzun ahal izateko Hezkuntza Lege berri bat behar dela azpimarratu dute ikastolek, edo ezingo zaiela erantzun. Horregatik, jarraituko dute ikastolok, lehenik, Hezkuntza Akordio bat lortzeko lanean, eta, ostean, Hezkuntza Lege berri bat eskuratzeko ahaleginean.