2018 JUUL Sari Banaketa

Nafarroako Ikastolen Elkarteak burutu du haur eta gazteentzako urtero antolatzen dituen hauteskunde literarioen idazle eta ilustratzaile bozkatuenei sariak banatzeko ekitaldia. Ohi denez, Nafarroa Oinez antolatzen ari den ikastolarekin elkarlanean eratu da. Altsasuko Iortia Kultur gunean ospatu denez, Iñigo Aritza Ikastolako ikasleek lagundu dute. Maria Solana Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza kontseilaria, eta Javier Ollo Altsasuko alkatea bertan izan dira.

Ekitaldia xumea eta goxoa izan da, emozioz antolatuta. Eneida Carreño ikastolako eta Mikel Asiain NIEko lehendakariak mintzatu dira hurrenez hurren; eta Josu Reparaz NIEko zuzendariak egin ditu aurkezpen lanak. Banan bana deitu ditu oholtzara idazle bozkatuenak, eta eurengana hurbildu dira, miresmenez beterik, adin ezberdinetako ikasleak aurretik pentsatutako galdera egitera, muxua eta eskerrak ematera... une hunkigarriak izan dira. Faustino Aizkorbe artista nafarraren pieza bana eraman dute oroigarri. Bertaratu diren artistak izan dira: Olga de Dios, Joana Ziganda, Paddy Rekalde, Ana Jaka, Estibaliz Vivanco, Lur Gallastegi, Castillo Suarez, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Iosu Mitxelena eta Joseba Larretxe "Josevisky".

Hauek izan dira 2018an Liburu eta ilustratzaile bozkatuenak:

A KATEGORIA - Haur Hezkuntza - Ama Ikastola
Otsoaren ipuina 
Egilea: Veronique Caplain
Irudigilea: Gregoire Mabire
Itzultzailea: Aiora Jaka
Argitaletxea: Ttarttalo
Aker aita liburu bat irakurtzen ari zaie bere bi antxumeei. Otso bati buruzko ipuin beldurgarri bat da, eta aitak etengabe lasaitu behar ditu: “Gure basoetan ez dago otsorik”.
Baina... egia ote?
Irakurketaren ahalmenaz eta otsoarekiko beldurraz hausnartzeko ipuin gozagarri bezain dibertigarria da.

A KATEGORIA - Haur Hezkuntza - Ama Ikastola
Afaltzera etorri zen arkumetxoa
Idazleak: Steve Smallman
Irudigilea: Joelle Dreidemy
Itzultzailea: Jone Hualde
Argitaletxea: Denonartean
Gosez amorratzen zegoen otso zahar batek, ustekabean, arkumetxo baten bisita jaso du, eta harekin erregosi goxo bat prestatzeko irrikaz dago. Arkumeak, ordea, ez du otsoaren afaria izan nahi, haren laguna baizik... 

A KATEGORIA - Haur Hezkuntza - Ama Ikastola
Munstro arrosa
Idazlea: Olga de Dios
Itzultzailea: Ipar Alkain
 Argitaletxea: Denonartean
Aniztasuna gure jendartea aberasten duen elementu gisa azaldua. Munstro Arrosa: askatasun oihu da.

B KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 1. eta 2. maila /  Lehen Maila 1. eta 2. urtea
Ni neu galtzeta
Idazlea: Joana Ziganda
Irudigilea: Iker Uribe
Argitaletxea: Autoedizioa
Ni neu, bakarra naiz. Nire lagunik onena, indibiduala. Egunerokotasunaren gora beheretan bakarrik geldituko den galtzerdi baten istorioa dugu hau, hasierako beldurrak gaindituta oztopo guztien gainetik bere ametsaren bila abiatuko dena. Parekorik ez duen protagonistak gizarteak jartzen dizkigun baldintzak gaindituko ditu. Estereotipoen mugak apurtuz, indibidualtasunak, norberaren indarrak, ametsak lortzeko grinak eta ekiteak duen ahalmena erakutsiko dizkigu. Sorpresaz beteriko bidai zirraragarria da.

B KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 1. eta 2. maila / Lehen Maila 1. eta 2. urtea
Oilo txikia
Idazlea: Núria Figueras i Adell
Ilustratzailea: Teresa Martí
Itzultzailea: Edu Zelaieta
Argitaletxea: Ibaizabal
Bazen behin oilo bat txiki-txiki-txiki-txikia. Eta, hain txikia zenez, ez zuen arrautzarik erruten. Behin eta berriz saiatzen zen, baina ez zegoen modurik. Eta, ezustean, halako batean...

B KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 1. eta 2. maila / Lehen Maila 1. eta 2. urtea
Kartoizko kaja
Idazlea: Paddy Rekalde
Irudigilea: Eider Eibar
Argitaletxea: Elkar
Langile batzuk iritsi dira etxera, apalategi bat muntatzera; kartoizko kaja handi batean zetorren materiala, eta kaja hori beretzat gordetzen du Anartzek, jolasetarako tresna ezin hobea delako: baleontzi bihurtzeko edo estraterrestreen espaziontzi, Afrikako oihana nahiz lurra lantzeko traktore…

C KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 3. eta 4. maila /  Lehen Maila 3. eta 4. urtea
Agur, Agur!
Idazlea: Castillo Suarez
Marrazkiak: Jose Mari Morcillo “Morkots”
Argitaletxea: Erein
Miren Agurtzane deitzen naiz, baina izena moztu eta Agur deitzen didate guztiek. Neska txiki samarra naizelako izanen da. Nire gurasoak bananduta daude. Astean zehar amarekin bizi naiz, eta asteburuetan txandaka. Nire gurasoak banandu egin dira, eta ni triste nago oso. Nahiz eta berdin edo gehiago maiteko nautela esan didaten, nik ez dakit sinetsi ala ez.

C KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 3. eta 4. maila / Lehen Maila 3. eta 4. urtea
Ixon
Idazlea: Ana Jaka
Irudigilea: Alex Orbe
Argitaletxea: Elkar
Ion du benetako izena, baina Ixon deitzen diote beti isilik egoten delako, halako batean, hitz egitea ere ahaztu duen arte. Etxetik joango da orduan, eta abentura harrigarriak ezagutuko ditu gero, basoan topatzen dituen rock musikari batzuen eskutik.

C KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 3. eta 4. maila / Lehen Maila 3. eta 4. urtea
Futboleroak 1 - Lokartutako arbitroen misterioa
Idazlea: Roberto Garcia
Irudigilea: Enrique Lorenzo
Argitaletxea: Ikasmina
Futbol zazpiko Soto Alto taldea ez da eskolako futbol-taldea bakarrik; askoz gehiago da. Itun bat egin dugu gure artean: ez gaitu ez ezerk ez inork bananduko, inoiz ere ez. Beti jokatuko dugu elkarrekin. Horregatik, gauza hura gertatu zenean, zerbait egin behar genuen, ezinbestean.

D KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 5. eta 6. maila / Lehen Maila 5. urtea, Kolegio 6.a
Argixorgin 
Egilea: Estibaliz Vivanco
Irudigilea: Joseba Larretxe “Josevisky”
Argitaletxea: Elkar
Illarek zailtasunak ditu batzuetan zuzen ahoskatzeko; batez ere, jende aurrean irakurri behar duenean, eskolan esate baterako. Horregatik, alabari lagunduko dion logopeda bat etxera eramatea erabakiko dute gurasoek: Agate. Dena den, Agate etxera sartzen denetik, Illareri ez zaio parte onekoa iruditzen. Nikole bere adiskidearen eta kalean topatuko duen saguzarkume baten laguntzarekin, Illarek aurre egin beharko dio etxeko guztiak mehatxatzen dituen arriskuari.

D KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 5. eta 6. maila / Lehen Maila 5. urtea, Kolegio 6.a
Nur eta Irlandako bidaia
Egilea: Toti Martínez de Lezea
Irudigilea: Iván Landa
Argitaletxea: Erein
Suzhou-ko alde zaharrean dabiltza Nur eta bere lagun Liang, Ayana, Dmitri eta Hao Lin. Hiri horretan bizi dira. Bostak sartu dira denda batean, denda magikoa dela esan du Ayanak. Han ezagutu dute Yan-Yan andrea, eta jadezko untxi bat oparitu dio Nurri.Nurrek oraindik berekin du Larrabetzun aurreko oporraldietan aurkitu zuen liburu magiko hura. Liburu horri esker, Nurrek eta bere lagunek Irlandara egingo dute txangoa oraingo honetan. Bisita egingo diote han Finn gnomoari, aspaldi ez baitute ikusi. Finnekin ikusiko dituzte Irlandar paisaia berde ederrak eta Banandonner erraldoi eskoziarrarekin egingo dute topo, ostadarraz beste aldera gnomoek gordetzen duten urrez beteriko eltzea lapurtu nahi duena.

D KATEGORIA – Lehen Hezkuntza 5. eta 6. maila / Lehen Maila 5. urtea, Kolegio 6.a
Uda bat Senegalen
Idazlea: Lur Gallastegi
Irudigilea: Susanna Martin
Argitaletxea: Elkar
Garazik eta Izarok ustekabe galanta hartuko dute, aitak esaten dienean uda osoa Senegalen pasatuko dutela, aita erizainak bertako ospitale batean laguntzen duen bitartean. Hasieran dena da berria: jendea, giroa, etxeak, usainak… Lagunak egiteak ere ez dirudi erraza bi neskentzat, bertako hizkuntza ezagutu gabe. Hala ere, sorpresa atsegin eta hunkigarriz beterik egongo da Afrikako egonaldi hori.

E KATEGORIA – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza / Kolegio 5., 4. eta 3.a, Lizeoko 2.a
Eskularru beltzak
Egilea: Jasone Osoro
Irudigilea: Joseba Larretxe “Josevisky”
Argitaletxea: Elkar
Beire ingelesa ikasteko udaleku batera bidali dute gurasoek. Bere institutuan gelako liderra den arren, udalekuan inork ez du aintzat hartzen, eta Baba izeneko mutil misteriotsu batengan aurkituko du babesa, boxeoa ikasteaz gainera. Etxera itzulita, bere betiko lagun Kar eta Leterekin batera, hirurek osatzen duten Sua taldea prest dago, berriz ere, institutuko izarrak izan eta egurra emateko, baina badirudi aurtengo ikasturtean gauzak desberdinak izango direla.

E KATEGORIA – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza / Kolegio 5., 4. eta 3.a, Lizeoko 2.a
Margolanak
Egilea: Igor Elortza
Argitaletxea: Begiko
Institutu batean edozer gerta liteke. Gerta liteke margolan baliotsu bat aurkitzea. Ager litezke bi gazte bazterrak nahasi nahian eta baita eskolazain ilun eta beldurgarri bat ere. Horri gehitzen badiogu elurrak geldiarazitako herria, maitasuna, komikia, Louvre museoa eta Interpola, korapilo ia aska ezina izango dugu. Izan ere, institutu batean edozer gerta liteke…

E KATEGORIA – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza / Kolegio 5., 4. eta 3.a, Lizeoko 2.a
19 kamera
Egilea: Jon Arretxe
Argitaletxea: Erein
Trama paralelo batzuek osatzen dute umorea eta gordintasuna konbinatzen dituen nobela beltz hau: Palankako klub bateko prezio susmagarriak, trafikatzaileen arteko istiluak, adin txikiko prostituta baten desagerpena, kaputxadun talde baten jipoi eta hilketak... Dena dela, nobelako ardatz nagusia Toure da, Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den etorkin afrikarra. Ogibidea bilatzen behartuta, gezurrezko igarle gisa saiatuko da lehenik eta, pixkanaka, kasu eta proposamen bitxiak sortzen joango zaizkio.

I KATEGORIA – I l u s t r a t z a i l e a k
Juan Luis Landa & Ivan Landa
Iosu Mitxelena
Joseba Larretxe "Josevisky"
Eider Eibar
Jokin Mitxelena

 

ZORIONAK denei! Juul egitasmoak badu etorkizunik!!

Hainbat datu aipagarri:
20.edizioa izan da aurtengoa.
2018ko apirilaren 17an ospatu dira JUUL hauteskunde literarioak 54 ikastolatan. 
23.000 boto inguru bildu ziren irakurleen artean, gustukoen zuten liburu edo ilustrazioaren alde iritzi propioa emateko.
Boto emateaz gain, hauteskunde prozesu bat zer den ikasten dute ikasleek.