‘Zubirik Zubi’ ikuskizuna, EKA 3an, Donostiako Kursaalean, 12:00 

Zubiak hariak dira, zaindu eta berritu beharreko elkarguneak. Zu eta ni elkartzeko zoru bilakatzen dira. Halaber, herrigintzarako ezinbesteko bihurtzen dira; zubi lanik egin gabe, nekez egingo baitu inork herririk. Zubiak eta hariak, askotan, ikusten ez diren helduleku ere badira, eta bistaratu egin behar izaten dira. Lan horretan ari da, duela 50 urtetik hona, Urretxu-Zumarraga Ikastola.

Hausnarketa hau izango du abiapuntu datorren igandean, ekainaren 3an, Donostiako Kursaal jauregiko ganbara aretoan egingo den Zubirik Zubi ikuskizunak. Urretxu-Zumarraga Ikastolak, aurtengo Kilometroak 2018ren antolatzaileak, gipuzkoar guztiak gonbidatu nahi ditu bertara, “ikuskizun desberdina, erakargarria eta polita izango da”.

 Zubiak batuz leloa izango du ardatz ikuskizunak: “Aurtengo Kilometroak jaiaren ildo nagusiak eta helburuak zabaltzea da helburua. Bide batez, gure Ikastola eta ditugun proiektuak ezagutaraztea”. Horretarako, Urretxuko eta Zumarragako artistak ez ezik, Euskal Herri mailan sona handia duten beste batzuk igoko dira Kursaaleko oholtza gainera. “Hasieratik proiektuaren parte izateko aldez aurretiko jarrera erakutsi digute. Eurenganako esker oneko hitzak besterik ez ditugu”.

 Hauek dira Urretxu-Zumarraga Ikastolak indartu nahi dituen zubiak: konfiantzarena; harremanena; komunitatearena edo auzolanarena; parekidetasunarena eta aniztasunarena; euskararena; eta iraganaren, orainaren eta geroaren artekoa. Lan ildo bakoitza emanaldi txiki baten bidez aurkeztuko dute, eta Joseba Apaolaza aktoreak, gidari lanak bere gain hartuta, zubirik zubi eramango gaitu.

DBH1eko ikasleak izango dira lehenak taula gainera igotzen. Pertsonen arteko harremanetan konfiantzak duen garrantziaz ohartaraztea izango da euren egitekoa. Iker Rodriguez irakaslearen gidaritzapean prestatutako Noraezean ikuskizunaren lehen zatia eskainiko dute, galduta dabilen Enea izeneko neska gazte baten istorioa.

Ikastolako ikasleak, langileak, gurasoak, ikasle ohiak, eta herriko zein kanpoko kultur eragileak batuta, komunitatearen zubia irudikatuko dute. Nerea Madinak eta Oihane Toledok zuzentzen duten Ikastolako abesbatzako kideek Gorka Hermosaren ‘Bihotz bakarra’ abestia kantatuko dute. Gorka Ikastolako ikasle izan zen, eta egun, izen handiko soinu jotzailea da, mundu osoan ezaguna. Musika tresnekin, Gorka bera, Ikastolako zenbait guraso eta Kaabestri Ensenble laukotea arituko dira. Irrintzi dantza taldeak eta Josu Maroto ilustratzaileak ere parte hartuko dute emanaldi honetan.

Komunitatea osatzen dugun guztion indarrak batuz, elkarlanari esker, egin du herrigintzak aurrera. Jone Astorkiaren eta Agurtzane Telleriaren zinta ikuskizunak islatuko du auzolanaren zubia, “auzolanak zerura begira jartzen baikaitu”.

Parekidetasunaren aldarrikapena egiteko, Miriam Inza (gitarrarekin) eta Ana Carmona (saxofoiarekin) Ikastolako ikasle ohiek bi kanta eskainiko dituzte. Berebat, Noraezenean ikuskizunaren bigarren atalaz gozatu ahal izango dugu.

Aniztasunaren gaia lantzeko, Gorka Hermosak ‘Paco’ izeneko bere obra joko du Kaabestri Ensemble laukoteak lagunduta. Paco de Lucia gitarra jotzailearen omenez sortutako flamenko kutsua duen pieza Eneko Galdosek dantzatuko du, euskal dantzak oinarri hartuta.

Euskara nola sentitu, gozatu eta bizi duten kontatuko dute ondoren Kirmen Uribe idazleak eta Alaia Martin bertsolariak poesia-bertso solasaldi baten bitartez.

Azken emanaldiak iraganaren, orainaren eta geroaren arteko zubiak batuko ditu. Mikel Urdangarinek iraganera eramango gaitu, Jose Mari Iparragirre Urretxuko olerkari eta kantariaren ‘Zibilak esan naute’ kantatuz. Orainaldia Ikastolako ikasleek irudikatuko dute, Noraezean ikuskizunaren hirugarren eta azken zatiarekin. Kilometroetako abestiaren bideokliparen eta Josu Marotok egingo duen marrazkiaren bitartez Ikastolaren etorkizunera begira jarriko gara.

Jaialdirako SARRERAK  Kursaaleko web orrian eskura daitezke.

Alaia Martin eta Kirmen Uribe
Ana Carmona eta Miriam Inza
Gorka Hemosa
Ikastolako Abesbatza
Noraezenean