Zazpi mila lagun, Baionan, hezkuntza sistema propio baten alde

Zazpi mila ahots, zazpi mila bihotz, Baionako karriketan, hamalau mila esku danborrak astinduz. Seaskako ikastoletako milaka ikaslek, irkaslek eta gurasok Baionako karrikak hartu dituzte gaur arratsean, heldu den ikasturterako hogeita bost irakasle gehiago galdegiteko Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Egoera aldatzen ez bada, heldu den ikasturtean, zenbait ikastolatan 40 ikasle baino gehiagoko gelak izango dituzte. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera aldarazteko kanpaina hasi du Seaskak, eta gaurko danborrada-manifestazioa izan da hitzordu nagusietakoa. Herri Urrats egunean ere, maiatzaren 13an, izango du oihartzuna eskaera honek.

Gaurko manifestazioan danbor hotsak nagusitu dira, Pariseraino irits dadin Seaskako ikasleen, irakasleen eta gurasoen aldarrikapena. Baina oroz gaindi,  berezko hezkuntza antolaketa bat eskatu dute Euskal Herriarentzat, hezkuntza sistema propio bat

Jarraian dituzue, manifestazioaren amaieran egin diren hitzaldiak.

Paxkal  Indoren hitzaldia

Arratsaldeon, zinez plazer bat da. Hemen, gure begien aitzinean da Ipar Euskal Herriaren geroa eta nola ez euskararena !

Gure begien aitzinean ditugu biharko mediku, arkitekto, irakasle, kazetari, artista eta langile euskaldunak. Eta nork daki, horien artean izanen da beharbada ere Ipar Euskal Herriko etorkizuneko lehendakari euskalduna ! Eta zergatik ez, Euskal Herrikoa !

Bai ikastolak dira euskararen bermea. Ikastolak dira herri honen geroaren berme. Frantses hezkuntza sistema eri den mementuan, non ikus daiteke halakorik : ikasleak eta burasoak irakasle postuak defenditzen ! Gure haurren hezkuntzan sinesten dugulako milaka lagun gira gaur hemen. Eta beste milaka lagun gehiago izanen gira heldu den maiatzaren 13an Herri Urratsen.

Errealitate hori ez dute ikusi nahi Pauen eta Parisen. Baina egun, Pariseraino entzun dituzte Euskal Herriko danbor hotsak !! Eta ez baditugu beharrezko ahalak lortzen, geroz eta ozenago entzun beharko dituzte ikastolen danbor hotsak !

Ikasturte hastapenean lizeo eta kolegioetarako dibisio berrietarako irakasle postuak beren gain hartuko zituztela adierazi ziguten Hezkuntza ministeritzako ordezkariek. Lehen mailetan 4.5 postu hitzeman zizkigun Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako Ikuskari jaunak. Ez zen aski, baina martxoan, aldiz, beren hitza deplauki jan eta 0 postu izanen zirela erran ziguten.

Eta orain, mobilizazioa antolatzen hasi garela, 4 postu atera dituzte sakeletik. Baina nortaz trufatzen da Barriere jauna?

Ez gaituzte tronpatuko. Goiz huntan hedabideetara prentsagiri bat bidali dute ikasle/irakasle xifreen batazbestekoa bat emanik. Bi urteko haurrak ez dituzte kondutan hartu. Eta xifreetan batazbesteko bat eginez, ez dituzte kondutan hartzen ikastola berrien beharrak, ez dituzte Barnekalde eta kostaldeko beharrak bereizten, ez dute kondutan ideki berri ditugun sail berriak, ez dute kondutan hartzen ideki dugun Baionako kolegio berria. Ez dute kondutan hartzen ikastoletatik haurrak euskaldun eta eleaniztun atera behar ditugula. Hori baita Hizkuntza politikak eman digun misioa, hori baita euskal jendartearekin dugun kontratua. Funtsean, Hezkunde ministeritza eta Euskararen Erakunde Publikoarekin izenpetutako hitzarmena zangopilatzen du Barriere jaunak. Baina gu ez gaituzte tronpatuko. Eta Euskararen Erakunde Publikoa lekuko dugu, 4 posturekin hitzarmena ez dela betetzen ahal adierazteko.

Eman hitza jan ondoren, 0 postu, gero 4, eta orain datuak manipulatzen… Ipar Euskal Herriak berezko hezkuntza antolaketa behar duenaren froga bat gehiago besterik ez da. 2012 urtean Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak aho batez galdegin zuten Ipar Euskal Herrirako Akademia Ikuskari propioa izan zedin. Bada garaia eskaera hori bete dadin, lan egin dezagun denek elkarrekin hala izan dadin.

Besterik gabe, milesker eta Senperen elgar ikusiko dugu.

Paxkal Indo, Seaskako lehendakaria,

Koldo Tellituren hitzaldia

Arratsalde on guztioi, eta, bereziki, Baionako karrikak danbor hotsez bete dituzuen ikasleoi.

Goizean Kanbon izan den ekitalditik nator.  Ekitaldi garrantzitsua izan da, etorkizunari begira jarri gaituena. Eta, Kanbotik Baionara nentorrela, gaur, hemen, zer esan behar nuen pentsatzen jarri naiz. Zer esango dizuedan zuoi, gure herriaren etorkizuna zaretenoi. Eta gure herriaren etorkizuna zaretenez, etorkizun hori irudikatu dut.

Eta ikusi zaituztet unibertsitatean eta Lanbide Heziketan euskaraz ikasten.

Eta ikusi zaituztet zuen lantokietan, hirian edo herrian, itsaso eta baserrietan euskaraz lan egiten.  Berdin herriko etxeetan eta erakundeetan ere.

Eta antzoki, pilotaleku, estadio edota herriko enparantzetan euskaraz olgetan.

Euskaratik eta euskaraz bizitzen.

Irudikatutako etorkizun hori egia bihur dadin, ordea, zuen oraina ziurtatu behar dugu. Heldu den ikasturterako hogeita bost irakasle gehiago galdegiteko bildu gara gaur. Baina horrekin ez dugu aski. Ez dugu aski, ez dugulako nahi urterik urte horrela ibili behar izatea. Lortu behar dugu, berandu baino lehen, berezko hezkuntza antolaketa bat Euskal Herriarentzat. Eta hori guk lortu behar dugu, ez dugu zuengan utzi nahi eginkizun hori; zuentzat etorkizun hobea nahi dugu.

Zuei zor dizuegu. Biba zuek!

Koldo Tellitu

Ikastolen Elkarteko lehendakaria

 

Mirentxu Ibargarairen hitzaldia

Lehen lehenik mila esker hain nonbre handian etorririk. Eta biba zuek, haur eta gazteak, danborlari bikainak zarete !! Txalo bero bat !!!

Dakizuen gisan, azken aste hauetan izan dugu buruhausterik ikastoletan : danborrak egin, kantua ikasi eta jotzen ikasi ! Baina emaitza bikaina izan da eta zinez eskerrak ere lagundu gaituzuen irakasle eta ikastoletako lankide guzieri. Segur naiz Pariseraino heldu direla danbor hotsak !!

Heldu den iraileko ez digute irakasle postu berririk eman nahi. Jadanik ez dugu batere lan errexa, eta Pariseko jauntto horiek gure lana zaildu nahi lukete… Irakasle posturik gabe, nola nahi duzue 40 ikasletik gorako ikasgeletan lan egin dezagun ? Ez ditugu ardiak hazten gero, etorkizuneko heldu euskaldun eta arduratsuak sortu nahi ditugu ikastoletan, eta hortarako gutieneko baldintzak segurtatu behar dizkigute.

Frantses hezkuntza ministerioak euskararen irakaskuntza oztopatu nahi zuelako sortu zen Seaska orain dela kasik 50 urte. Eta eskola publikoetan euskaraz ikasteko baldintzarik ez delako dira sortu urtez urte ikastolak, eta garatu.

Gure zergen bidez pagatzen dugun administrazioak, ez ditu gure hizkuntzaren beharrak betezen. Eta ikastolei hutsune hori bete dezagun galdegiten zaigu, baina ahalik eman gabe !!

Jakin dezatela ez girela 40 edo 50 ikasleko gelak onartzeko prest. Eta ondoko asteetan ez bada deus mugitzen, gure hezkuntza sistema defendatzeko prest izanen girela.

Besterik gabe, zorionak berriz ere milaka danborjoleei eta laster arte buraso, irakasle eta langileei.

Mirentxu Ibargarai

langile eta irakasleen ordezkaria Seaskako bulegoan