Kurutziaga Ikastolako jolas eremuaren eta eraikin berrituaren inaugurazio ekitaldia
“HEZKIDETZAN oinarritutako lehenengo jolas-eremuaren inaugaugurazioa ekitaldia”
Maite Lamadrid kazetari eta ikastolako gurasoak aurkeztu du ekitaldia. GEHI ZAZPI biolontxelo taldeak (guraso eta ikasle ohiez osatua) eman dio hasiera ekitaldiari.
Aurkezleak gonbidatuei esker ona adierazi ostean, azpimarratu du Kurutziaga Ikastola berrogeita hamargarren urteurrena ospatzen ari den honetan pozgarria dela jolas-eremu berriaren eta Haur Hezkuntzako eraikinaren proiektuak aurrera atera izana. Ikastola sasoiko dagoen seinale.
EUSKAL HERRIKO IKASTOLAK
Ondoren Josune Bañalesek hartu du hitza. Josune Bañales Euskal Herriko Ikastolen elkartean Bizkaiko Lurralde batzarreko presidentea da. Kurutziaga ikastola zoriondu hezkidetzaren ikuspuntutik egindako ekarpenagatik eta proiektua aurrera ateratzeko modua ikastolen filosofiarekin bat datorrela azpimarratu du: ikasle, irakasle eta familiak elkarrekin lanean.
DURANGOKO UDALA
Aurkezleak aipatu du Ikastolak bere esker ona adierazi gura diola Durangoko udalari, aho batez onartu baitzuen jolas-eremu berria handitzeko lurren lagatzea (3.000m karratu). Durangoko udalaren izenean Aitziber Irigorasek, Durangoko alkateak, hartu du hitza.
Aitziber Irigoras: “Guztiona dan ondare honek Durango askatasun eta berdintasun klabeen irakuretko aukera ematen du. Zaindu dezazuela eskatzen dizuet. Zaindu maite duzun hori”
GEHI ZAZPI biolontxelo taldeak pieza bat interpretatu du eta Leire Bilbao idazleak (ikastolako gurasoa) poema bi irakurri ditu.
EMAKUNDE
Jolas-eremu berria diseinatzeko prozesuak lau urte iraun du. Diseinu horren oinarrian hezkidetzaren ikuspuntutik egindako ikerketa bat dago. Kurutziaga Ikastolak genero berdintasunarekin duen konpromisoa sorreratikoa da eta proiektu honetan ere agerian dago. Emakundeko ordezkariaren presentzia eskertu da horregatik. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak hartu du hitza.
Izaskun Landaida: “Orain dela urte eta erdi proiektua aurkeztu zeniguten gure hezkidetza programan. Gaur pozez nator ikustera, proiektu hura errealitatea dela”.
KURUTZIAGA IKASTOLA
Jon Elorrieta Kurutziaga Ikastolako presidenteak hartu du hitza azkenik.
Jon Elorrieta: Ekitaldira hurbildutakoei eskerrak eman ostean aipatu du Ibaizabal Ikastolarekin batera 2016ko Ibilaldia antolatu zutenean herritarrei eta erakundeei aurkeztu zitzaizkiela gaur inauguratzen diren bi proiektuak. Hitza eman eta bete egin duela Ikastolak eta pozik dagoela horregatik. Are gehiago Kurutziaga Ikastolaren berrogeita hamargarren urteurrenarekin bat egiten duenean inaugurazioak.
“Harro eta pozik gaude begien bistan dugun espazio honen emaitzaz ere bai, jakina, baina proiektu hori sortzeko prozesuaz, bereziki, ikasle, irakasle eta gurasoen artean burutua. Hiru ardatzetan oinarritu den prozesua izan da: hezkidetza, natura eta parte-hartzea.”
Hezkidetzari dagokionez mutikoek erdigunea eta neskatoek ertza okupatzen zutela ondorioztatu zuen ikerketa aipatu du. Horregatik jolas-eremu berria beste modu batean antolatu dela. Kirol antolatua ertzean eta edigunean natura eta esploraziorako espazioa.
Naturaz esan du hezkuntza zentruak zoru gogorreko ekipamenduz inguratu zirela bere garaian eta proiektu honekin natura ikastlan integratu gura zela eta ikastola naturan.
Parte-hartzearekin lotuta, aipatu du jolas-eremu berria egiteko ireki zen “Jolastokia Amesten “proiektu parte-hartzailea. Ikasle, irakasle eta gurasoen artean osatu zen proiektua.
Amaitzeko eskerrak eman dizkio Durangoko udalari egindako lurren lagatzeagatik. Gaineratu du Kurutziaga Ikastola herritik sortu zela eta, kasu honetan herritik jasotakoa herriari ere itzuli gura diola.
“2005eko Ibilaldiko kantak zioen moduan Kurutziaga “herritik sortu zen_herriari emoteko_lur bat bere berbari”. Herriarengandik ere jaso dugu eta gura dugu herriarentzat ere izan dadila.”
OHOREZKO AGURRA
Ekitaldia ohorezko dantza agurrarekin bukatu da.
BISITA GIDATUA
Ostean jolas-eremu berrian zehar ibilalditxoa egin dute Iratxe Txintxurreta arkitektoarekin. Txintxurreta ikastolako gurasoa da eta jolas-eremu berriko proiektuan parte hartu du hasieratik gehiago.
Jolas-eremuaren bisitaren ostean Haur Hezkuntzako eraikin eraberritua ere bisitatu dute.
Bideoa. Hitz-hartzeak: Izaskun Landaida (Emakunde) eta Jon Elorrieta (Kurutziaga Ikastolako presidentea)
https://youtu.be/6v8CFZ8SYD0
ARGAZKIAK : Lehior Elorriagarenak dira.