Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Ikastolen Praktika Onen V. Jardunaldia
Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Praktika Onen V. Jardunaldia burutu da, gaur, Ikastolen Etxean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren osteko ikasketetan ikastoletan egiten ari diren berrikuntza pedagogikoak aurkeztu dituzte hainbat ikastolak, eta etorkizunerako ildoak azaldu dituzte Ikastolen Elkarteko ordezkariek.
Aurreko etapetan bezala, hezkuntza eraldaketa Batxilergora eta Lanbide Heziketara eramaten ari dira ikastolak, eta horren adierazgarri dira, gaur, Ikastolen Etxean egin den etapa hauetako Praktika Onen V. Jardunaldian azaldu dituzten proiektuak. Hogeita sei ikastolatako hirurogeita hamar irakaslek hartu dute parte jardunaldi honetan.
Balio izan du jardunaldiak ikastolek diseinatu eta gelaratu dituzten proiektu eraldatzaileak beste ikastolekin partekatzeko, ikastolen eredu berriaren argazki bat egiteko. Izan ere, askotarikoak izan dira aurkeztu diren proiektuak: arlokakoak, metadiziplinarrak, lan proposamenak, geletako paretetatik harago lan egiteko aukera ematen dutenak … Inspirazio pilula asko, baina egingarri direla ere frogatu dute.
Jardunaldia bi saiotan banatu da. Lehenbizikoa saio orokorra izan da, eta bigarrengoa, berriz, gunekako saioak izan dira.
Saio orokorrean, Inmakulada ikastolak ikasketa zerbitzuak eta erronkak aurkeztu ditu; Ibaizabal ikastolak, berriz, Durangoko airearen kalitatearen inguruko lanketa azaldu du; Txorierri Politeknika Ikastolak, bere aldetik, Ethazi proiektua aurkeztu du, eta, azkenik, Txantxiku ikastolak giza mailei begira eginiko proiektua azaldu du.
Gunekako saioetan, Kirikiño, Txorierri, Txantxiku, Aita Larramendi eta San Benito ikastolek Batxilergoko zientzia ikasgaietan egiten ari diren proiektuak aurkeztu dituzte. Batxilergoko giza zientzietan egiten ari diren berrikuntzak aurkeztu dituzte, berriz, Kirikiño, Urretxu-Zumarraga, Santo Tomas, Laudio eta Laskorain ikastolek. Batxilergoko ikasgai orokorretan esku artean dituzten zenbait proiekturen gainean azalpenak eman dituzte Armentia, Axular Ikasberri, Aita Larramendi, Oteitza eta Txantxiku ikastolek.
Azkenik, Lanbide Heziketako praktika onak aztertzeko gunean, Harrobia ikastolak marketin eta publizitatean egiten ari diren berrikuntzak azaldu ditu eta Oteitzako ordezkariek lan estazio aurreratuen gaineko proiektua aurkeztu dute; Inmakulada ikastolak diagnosi irudiaren gainean egiten ari diren lanaren berri eman du, eta Ibaizabal ikastolak, berriz, haurrentzako ikuskizunak azaldu ditu.
Etorkizuneko ildoak
Bertaratu diren irakasleek praktika onen azalpenak jaso ostean, Ikastolen Elkarteak marrazturik dituen etorkizuneko ildoen berri eman ditu, alorreko arduradun diren Manu Aurrekoetxea, Ana Monge eta Mikel Errazkinen bitartez.
Batxilergorako osatzen ari diren marko berrian urratsak egiten jarraitzea da asmoa, eta horretarako sortu zen Batxilergo Foroan markoaren garapenaren azterketa sakona egingo da. Era berean, prestakuntza mintegiak jarraipena izango du ekainean, aurten egin diren lanak errematatzeko. Ikasturtean zehar diseinatu diren erronkei (Elkarrekin erabaki eta Herrigintza auzolanean) zientzietako beste bat gehituko zaie, eta horrela, gutxinaka erronka banku bat osatzen joateko asmoa dago.
Lanbide Heziketan, berriz, ebaluazioan eta metodologietan eta antolamenduan eta espazioen kudeaketan sakontzeko asmoa adierazi da.