“Akordioaren oinarriak” dokumentuaren aurkezpena
• Hezkuntza Sailburuak gaur aurkeztu duen “Akordioaren oinarriak” dokumentua hezkuntza akordioa lortzeko abiapuntu baikorra dela deritzogu. Dokumentuaren edukien azterketa sakonago eta zehatzago bat egin behar dugun arren, gure hezkuntza sistemari bultzada bat emateko beharrezko hainbat elementu jasota daudela ikusi dugu.
• Esan beharra daukagu erdietsi nahi dugun sistemaren publikotasun ereduari dagokion eztabaida falta izan dela fase honetan, baina, orain, garrantzitsuena prozesuak ibilbidea indartsu jarraitzea da, eta, ondorioz, arlo honen eztabaida zabaltzeko aukera egongo denaren ziurtasunez geratzen gara.
• Era berean, lan taldeetan emandako eztabaida eta hausnarketa sakona izan dela azpimarratu nahi dugu. Eztabaida eta hausnarketarako eratu diren bost lan taldeetan parte hartu duten pertsonek gure hezkuntza sistema sakon ezagutzen dute eta hezkuntzaren hainbat sektoretatik etorritakoak izan dira. Beraz, lan taldeen osaketa ere egokia izan dela pentsatzen dugu.
• Dokumentua ez dago itxia, eta ekarpenak egiteko epe bat zabaldu du Hezkuntza Sailak. Aukera hori baliatuko dugu dokumentua ongi aztertu eta egoki ikusten ditugun ekarpenak egiteko.
• Hezkuntza akordiotik garatuko den legea ere behar beharrezkoa dela deritzogu Ikastolen Elkartean. Guztiok egin beharko dugu ahalegina gure hezkuntza sistema gaur egun dagoen lozorrotik atera eta aurrera egin dezan.
• Lege horrek balio behar du Euskal Herriak hezkuntza sistema propio bat eraiki dezan. Euskal Herriarentzat funtsezko gaia da hau; ezin dugu Espainiako edo Frantziako lege murriztaileen menpe jarraitu, gainditu egin behar ditugu. Espainiar eta Frantziar hezkuntza sistemetatik deskonektatuko gaituen legea behar dugu, akordioa lortu eta geure legea eraiki, Espainiar eta Frantziar legedietan jasotakoa kontuan eduki barik. Hezkuntza sistemako ikastetxe guztiak barne bilduko dituena eta hezkuntza zerbitzu publiko kontzeptutik abiatuta.