Euskaltzaindia izan da Tantirumairu Ikastolan, babesa eskaintzen
Urtero Euskaltzaindiak bisita egiten dio Nafarroa Oinez-eko ikastola antolatzaileari, eta bide batez bilera egiten du bertako udalean.
Urte aunitz dira harreman hori sortu zela, eta dagoeneko Euskaltzaindia izan da Nafarroan ikastola dagoen herri guztietan. Lesakakoa zuen oraindik egiteke, izan ere 1985ez geroztik ez da antolatu ikastolen jairik gurean, baina okasioa iritsi denez luxuzko bisitariak izan ditugu ikastolan.
Lesakako Udaletxean ongi etorri izan ziren euskaltzainak, bertan Akademiaren zuzendaritzak lan egin zuen, eta ondoren ikastolara etorri ziren ikasleekin harreman zuzena egiteko, elkarrekin kantatzeko eta txikien galderei erantzuteko. “Asko eskertu dugu jakintsuen etorrera, jaso ditugun liburu ederrak eta badakigu Euskara esku onetan dagoela: zuenetan eta gurean”.