Gazteen artean ekintzailetasun kooperatiboa sustatzeko unitate didaktikoa aurkeztu dute EKAI Centerrek eta Ikastolen Elkarteak
Ikastolen Elkarteak eta EKAI Center Fundazioak antolatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, GAZTEEN ARTEAN EKINTZAILETASUNA SUSTATZEKO EGITASMOAaren eta horri loturiko Unitate Didaktikoaren aurkezepena egin da, gaur, Donostiako Tabakalera zentroan. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta EKAI Center Fundazioko arduradun Adrian Zelaiak egin die ongietorria bertaratutakoei, eta elkarlanean aurrera eraman duten egitasmoaren arrazoiak azaldu dituzte sarrera gisa.
Ondoren, EKAI Center Fundazioko kide Larraitz Altunak hartu du hitza ekintzailetasunaren garrantziaz aritzeko. Defenditu duen ekintzailetasuna, dena den, ez da gaur egun hain modan dauden startup-ak sortzeko aurrera eramaten den eredua. Aitzitik, ekintzailetasun kooperatiboaren alde egin du, alegia, balio kooperatiboetan oinarritutako ekintzailetasunaren alde.
Hain zuzen ere, startup-en gorakadak balio kooperatiboei kalte egin diela azaldu du, eta horregatik azaldu du beharrezkoa dela ekintzailetasun kooperatiboa bistaratu eta normalizatzea. Horretarako, erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlana zabaldu behar dela adierazi du, eta hezkuntzan txertatu beharraz mintzatu da, espazio bat eman behar zaiola ekintzalietasun kooperatiboari. Azken finean, ekintzailetasun kooperatiboaren kultura sustatu behar dela azaldu du, eta sustapen horretan hezkuntzaren alorra beharrezkoa dela.
Gogoeta horrek bultzatuta garatu du Ikastolen Elkarteak gazteen artean ekintzailetasun kooperatiboa sustatzeko unitate didaktikoa. Amaia Arrastoak hitz egin du Ikastolen Elkartearen izenean, eta hark xehatu ditu unitatearen ezaugarriak.
Unitate didaktikoak kooperatiba bat sortzeko erronka planteatzen die ikasleei. Hauek, hirunakako taldeetan banatuta, erronka horri heldu eta aurrera eramango dute. Helburua, aipatu bezala, ikasleen artean ekintzailetasuna eta balio kooperatiboak sustatzea da. Batxilergoko 1. mailako ikasleei dago zuzendua, hau da, 16-17 urteko gazteei.
Unitatearen bitartez landuko diren oinarrizko konpetentzia guztiak lantzen dira, baina bereziki hauek: pentsatzen eta ikasten ikastea eta elkarrekin bizitzen jakitea. Alorrei dagokienez hiru jorratuko dituzte: Historia, Ekonomia eta Ingelesa, baina euskara ardatz harturik.
Hezkuntza kooperatiboaren lau ardatzetan mugituko dira ikasleak
• Taldekide guztiek helburu komun bat partekatuko dute.
• Elkarmenpekotasun positiboa landuko da. Alegia, bakoitzaren lorpenak lotuta egongo dira besteen lorpenekin
• Aurrez aurreko eta bat-bateko komunikazioaren garrantzia azpimarratuko da, egin beharreko urratsak ebazteko eta erabakiak hartzeko orduan, bereziki.
• Bakarkako erantzukizuna eta konpromisoak hartu beharko dituzte.
Metodologiari dagokionez, erronken metodologia erabiliko dute. Unitateak aste eta erdi eta bi aste arteko iraupena aurreikusten du, baina beste bat ere garatu dute bi egunetan egin ahal izateko.
Lau pauso nagusi ditu:
• Lehenbizikoa grina sortzea da. Zer lortu behar duten aurkeztuko zaie, alegia kooperatiba bat sortu behar dutela esango zaie, gazte ekintzaileek aurrera eraman eta arrakasta izan duten adibide batzuen bitartez
• Ikerketa prozesua irekiko dute ondoren, informazio bilaketan oinarritua. Kooperatibagintzan izan diren sei mugarri historiko aztertuko dituzte. Taldekide bakoitzak mugarri bat jorratuko du eta besteei azalduko die. Bestetik, kooperatiba bat sortzeko zein urrats egin behar dituzten aztertuko dute
• Sormena lantzea izango dute hurrengo urratsa. Taldekide bakoitzak kooperatiba sortzeko bi ideia landuko ditu bakarka, eta beste taldekideei aurkeztuko die. Ondoren, denen artean egitasmo onena aukeratuko dute.
• Azkenik, sortu nahi duten kooperatibaren ideia garatu beharko dute. Prozesu osoa garatuko dute.