BIlera Eusko Jaurlaritzan. Prentsa Oharra
Gasteizen, 2017ko irailaren 25ean
Ikastolen Elkarteak modu baikorrean baloratzen du Hezkuntza sailburuak Hezkuntza komunitatearekin hartutako konpromisoa, Hezkuntza akordiorako eta ondoren berau garatuko duen legea erdiesteko beharrezko eztabaida abiarazi duelako.
Era berean, kronograma zehatza aurkeztu izana azpimarratzen dugu, argi bereizitako hiru fase dituena, gure hezkuntza sistemarentzako horren beharrezkoa den akordioa lortzeko bai hezkuntza eragileok zein Hezkuntza Sailak eta alderdi politikoek emango ditugun pausoak ebaluatu eta baloratzeko aukera emango diguna.
Hezkuntza Sailak proposatutako lan arloei besteren bat ere gehituko ziokeen Ikastolen Elkarteak, adibidez, erdietsi nahi dugun sistemaren publikotasun ereduari dagokiona, baina, orain, prozesua indartsu abiaraztearen garrantziaz ohartuta, aurrerago beste lan eremu batzuk zabaltzeko aukera egongo denaren ziurtasunaz geratzen gara.
Ikastolen Elkartearen aldetik modu aktiboan parte hartuko dugu akordio hori lortzeko, geure proposamen propioarekin, ikastoletan kontsultatu eta adostutako proposamenarekin, baina argi dugu bileretara oso jarrera irekiarekin joango garela, badakigulako akordio horretan ezin izango dela jaso, osotasunean, gure proposamena.
Hezkuntza legeari ekiteko akordioa behar beharrezkoa dela deritzogu Ikastolen Elkartean, eta, ondorioz, guztiok egin beharko dugu ahalegina gure hezkuntza sistema gaur egun dagoen lozorrotik atera eta aurrera egin dezan.
Hezkuntza akordioarekin batera, akordio horretatik garatuko den legea ere behar beharrezkoa dela deritzogu Ikastolen Elkartean. Euskal Herriak hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko balio behar du lege horrek. Herri honentzat funtsezkoa den gaia da hau; ezin dugu Espainiako edo Frantziako lege murriztaileen menpe jarraitu, gainditu egin behar ditugu. Espainiar eta Frantziar hezkuntza sistemetatik deskonektatuko gaituen legea behar dugu, akordioa lortu eta geure legea eraiki, Espainiar eta Frantziar legedietan jasotakoa kontuan eduki barik.
Guk eskatzen dugun legea da hezkuntza sistemako ikastetxe guztiak barne bilduko dituena, hezkuntza zerbitzu publikotik abiatuta, eta, nolabait esan, publikotasun partekatu baterantz jarriaz.