Oñati bete dute milaka ikastolazalek
Egun biribila, bikaina izan da, gaur, Oñatin, ospatu den Kilometroak jaia. Bertaratu diren milaka ikastolazalek Oñati bete dute, eta Txantxiku ikastolaren proiektuak aurrera egin dezan bultzada handia eman diote. Antolatzaileek oso balorazio ona egin dute, eta Kilometroak jai honetara bertaratu diren guztiei eta eguna arrakastatsua izan zedin ezinbesteko izan diren boluntario guztiei esker ona adierazi diete.
Eguna bikaina izateko osagai ugari zituen jaiak: askotariko kultur eta ikuskizun eskaintza, gazteentzako Erronka lehiaketa, artzain txakur txapelketa, jateko eta edateko gune ugari, jolasteko espazio handiak. Horri guztiorri eguraldi bikainak lagundu dio. Eta jendeak erantzun bikaina eman dio egunari.
Txantxiku ikastolak egun honetarako jarririko aurreikuspenak bete ez, gainditu egin dira. Gainera, ez da aipatzeko gertakaririk jazo. Aitzitik, dena normaltasunean eta giro bikainean igaro da. Trafiko aldetik ere ez da arazorik izan, eta antolakuntzak bikain bideratu du autoen eta autobusen joan etorria. Arazo bakarra Legazpin izan da, goizean autobus zerbitzuak ez duelako behar bezala funtzionatu. Behar baino denbora gehiago zain egon behar izan dutenei barkamena eskatu diete antolatzaileek.
Aldarrikapenerako tartea
Gipuzkoako ikastolen jai handian, aldarrikapenerako tartea ere izan da. Hala, ikastolek, Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolaren bidez, Hezkuntza Lege berri bat eskatu dute: “Gaur egun gure hezkuntza sistemak dituen gabezia, ahuldade, zulo eta bestelakoen iturburua da egungo legedia”, adierazi du, eta bihar Eusko Jaurlaritzan hezkuntza eragileek eta Hezkuntza Sailak izango duten bilera lege horretara eramango gaituen lehenbiziko geltokia izan dadin eskatu du.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek ere “denen atean hezkuntza sistema hobetzeko” deia egin du.
Heldu den urtean, Urretxu-Zumarragan
Txantxiku ikastolak, bestalde, Kilometroak 2017ren zutabe den auzolana hitzaren esanahiaren isla garbia direnak omendu nahi izan ditu gaurko ekitaldian. Urte askoan eta musu-truke ikastolako ikasleei tailerrak eman izan dizkieten ia 50 pertsona. Gehienak, emakumeak.
Omenaldiarekin batera, ekitaldi berean, Kilometroak jaiaren lekuko aldaketa ere izan da. Urretxu-Zumarragako Ikastolak antolatuko du Kilometroen 42. ekitaldia. Ikastola horretako ordezkariek oso pozik jaso dute lekukoa, eta datorren urteko jaia antolatzeko irrikan direla adierazi dute.