Dena prest Oñatin, KMK jaia ospatzeko
Urriko lehen igandean ez, irailaren 24an izango da aurten Kilometroak jaia, Oñatin. Gaur goizean, Txantxiku ikastolako eta Kilometroak Kultur Elkarteko arduradunek prentsa agerraldi bat egin dute Donostiako Ikastolen Etxean, eta egun handiaren aurreko hainbat jakinarazpen egin dituzte. Adierazi dute, esaterako, autoz joan nahi duten denek Bergarako Elorregi auzotik heldu beharko dutela Oñatira, Udana itxita egongo baita. Ahal dela, gertukoei behintzat, bizikletaz joateko deia egin diete. Autobusak lehenesteko deia egin dute, halaber, baina aparkalekuak prest egongo dira autoz doazenentzat ere.
Lau gune nagusi izango ditu zirkuituak, eta egitarau oparo bat. Horren barruan, gainera, Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa sartu dute, urtero Oñatin egiten dena; zirkuituaren bigarren gunean bertan egingo da, Santa Lutziako zelaian. Egitarauan aparteko lekua izango du, baita ere, Erronka egitasmoak; dema guztiz saihestu gabe, ororen gainetik, festa giroa gailentzea nahi da.
50 urte egin ditu Txantxiku ikastolak, eta ilusio handiz prestatu dute egitaraua. "Bizipenez beteriko 50 urte biribilduko ditugu irailaren 24ko jai erraldoiarekin", esan dute.
Informazio gehiago Kilometroen webgunean.