Jai eta aldarrikapen giroan ari dira ospatzen ikastolak Araba Euskaraz
Goizeko hamarretan hasi da Araba Euskarazen hasiera ekitaldia.
“Jai hau aldarrikapen eguna da, ikastolaren, euskarazko irakaskuntzaren aldarrikapen eta erakusleiho”, adierazi du Virginia Salazarrek, Bastida ikastolako batzordekideak. “Ikastola txikia izan arren proiektu handiak ditugu, izan ere eredu pedagogiko garaikidea dugu helburu, gure sustraiak ahantzi gabe. Eta proiektu guzti horiek aurrera ateratzeko denon konpromisoa behar dugu”, gaineratu du. “Gaur festa eguna da, elkarrekin indarrak hartzeko eguna da, gu handitzeko eguna, hartara gure helburuak lortzeko eguna”.
Helburu horien artean kokatu ditu Bastida ikastolako ordezkariak xede hauek: Ikastola aurrera eramaten ari den berrikuntza pedagogikoa sendotzea; teknologia berrietarako azpiegitura sendotzea; eta ikastola hazteko egin diren obretarako banketxeekin dituzten kredituei aurre egitea.
Helburu horiek lortzeko, hain zuzen ere, herritarren laguntza bezala erakundeena ere behar dutela azaldu du Virginia Salazarrek, eta erakundeetako ordezkariak bertan zirela aprobetxatuz, zuzenean eskatu die laguntza.
Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Xabier Arrietak, berriz, Arabako ikastolen bilakaeraren errepasoa egin du. Arabar Errioxaren egoera azaldu du: ”Bianako ikasleak DBH Oionen egiten dute eta ondoren Lapueblan Batxilergoa, Bastidako ikasleak DBHko lehen etapa bukatu ondoren ere Lapueblan jarraitzen dituzte ikasketak, D ereduko Batxilergo bakarra, Errioxan, gurea da”. Bertako ikastoletara Euskal Herritik kanpoko ehunka ikasle etortzen direla ere azaldu du Arrietak: “ Mirandatik Logroñoraino, 280 ikasle inguru dira Euskaditik kanpo bizi eta Arabako Errioxako ikastoletan eskolatzen direnak”. “Baina garraio zerbitzua beharrezkoa da, Mirandatik Logroñoraino, herririk herri dabilen garraio zerbitzua galga handia suposatzen digu”, gaineratu du Arrietak. Horregatik, Administrazioaren laguntza eskatu du zama ekonomiko hori arintzeko.
Aipagai izan ditu, era berean, Armentia ikastolan heldu den ikasturtean Batxilergoa eskaintzen hasiko direla, eta Argantzon ikastola, aldameneko Manzanos herrian, Lehen Hezkuntza eskaintzen hasiko dela. Horretarako, halere, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar du, eta baimen hori galdegin dio Hezkuntza Sailari.
Hezkuntza Legea ere aipatu du Arrietak. “Urteetan esperoan izan duguna”, azaldu du, eta “ zezena adarretatik hartzeko garaia” iritsi dela azpimarratu du: “Hezkuntza legea, Kalitatea bultzatuko duena, berdintasuna bilatuko duena, behar dugun finantzazioa ziurtatuko diguna, eskubide eta bete beharrekin noski, izan eskola legea edo eskola ituna, gure hezkuntza sistema arautuko duena, izan hezkuntza publikoa edo itunpekoa, azken batean guztiok eskaintzen dugu zerbitzu publikoa”.
Eguraldi bikaina eta askotariko eskaintza
Goizean goizetik primerako eguraldia egiten ari da Labastidan. Jendea ere goizean goiz hasi da iristen, eta uneotan milaka euskaltzale ari dira ibilbidean zehar paseatzen eta guneetako askotariko ikuskizunez gozatzen.
Gazteek berriz Erronka jokoa dute goizeko saio nagusia. Arabako ikastoletako ordezkariak elkarrekin eta elkarren aurka lehiatzen ari dira, baina lehiak baino garrantzia handiagoa du elkarlanak, kooperazioak, eta, bereziki, elkarrekin primeran pasatzeak.
Heldu den urtean Argantzon ikastolak antolatuko du Araba Euskaraz, eta lekuko aldaketaren ekitaldia egin da ikastolan. Arabako ikastola txikiena da Argantzon, eta Trebiñuko egoera bereziaren barruan, haizea kontra eduki arren, lan handia egiten ari dira hamabi urteotan. Haur Hezkuntza eskaini du orain arte, baina heldu den ikasturtetik aurrera, Lehen Hezkuntza ere emango du. Horretarako alboko Manzanos herrian irekiko dituzte gela berriak. Dena den, oraindik ez dute Hezkuntza Sailetik baimena eskuratu, eta hori du orain lehentasuna.