KIVA. Turkuko Unibertsitateko adituen bisita jaso du Ikastolen Elkarteak
Finlandiako Turkuko Unibertsitateko adituen bisita jaso dugu gaur Ikastolen Elkartean. Beraiek dira eskola jazarpenari aurre egiteko KiVa programa garatu dutenak, eta nazioarte mailako inplementazioa aztertzen ari direnak.
Atzo iritsi ziren Euskal Herrira, eta Trapagarango Itxaropena ikastolara eta Sopelako Ander Deuna ikastolara bisita egin zuten, bertatik bertara ezagutu nahi baitzuten ikastoletan nola ari diren lanean KiVa programarekin.
Gaur, berriz, Ikastolen Elkartean izan dira ikastoletan programa ezartzeko urratsak nola egin diren jakiteko, eta oso balorazio ona egin dute egin zaien aurkezpenaren gainean. Interes handia jarri dute, gainera, programa ezartzeko eman diren pausoen gainean, koordinazio lanean, prestakuntzan eta programak ikastolen komunitatean jaso duen harreran.
Hamar KiVa ikastola gehiago heldu den ikasturtean
Gainera, jakinarazi zaie, aurten programa martxan jarri duten 53 ikastolez gainera, heldu den ikasturtean beste hamar ikastola gehiagotan inplementatuko dela. Besteak beste, Hendaiako ikastolan ezarriko da KiVa, eta hura izango da Iparraldeko lehenbizikoa.
Eskola jazarpenari aurre egiteko Finlandiako Turkuko Unibertsitateak garatutako programa Lehen Hezkuntzara zuzendua dago. Duela gutxi hasi ziren esperimentatzen Finlandian bertan, Bigarren Hezkuntzari begirako programa. Ikastolek interesa azaldu dute programa hori ere ekartzeko. Gai horretaz ere aritu dira gaurko bileran, eta ordezkari finlandiarrak gaia aztertuko duela hitz eman die ikastolen ordezkariei.