Hezkuntza Legea egiteko hezkuntza ituna eskatu du EHIko lehendakariak
Ikastolen 24. Jardunaldi Pedagogikoak abiatu dira gaur. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk egin du sarrera hitzaldia, eta ikastoletan gauzatzen ari diren hezkuntza eraldaketaz mintzatu da. Halaber, eraldaketa pedagogikokoak hezkuntza sistema osoaren eraldaketa eskatzen duela azaldu du, eta horregatik eskatu du Hezkuntza Lege batera eramango gaituen hezkuntza itun bat.
Hemen duzue Tellituren hitzaldia osorik.
Hernani, 2017ko maiatzaren 5a
Ikastolen Elkarteko lehendakariaren hitz-hartzea
Sailburuorde anderea, gonbidatu agurgarriok, irakasle, hezitzaile, ikastolakideok, egun on guztioi.
Ikastolen Hogeita laugarren Jardunaldi Pedagogikoak abiatzear gara. Jardunaldi mamitsuak. Garrantzi handiko gaiez arituko dira adituak eta arituko zarete zuok, jardunaldion hartzaileok.
Ikastoletan urte gutxitan transformazio handi bat eman da pedagogia alorrean. Berrikuntza ugari sartu dira, eta horrek hezkuntza eraldatzera edo eraldatzeko bidera eraman gaitu.
Etapa bat amaitzen ari gara Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Euskal Curriculuma eta konpetentziak oinarri harturik integrazioaren pedagogian ardaztutako eredu pedagogiko berria eraman dugu etapa osora.
Eredu hori Lehen Hezkuntzara eramaten hasi gara, esperimentazio fase bat irekia dugu.
Haur Hezkuntzan ere berrikuntza ugari egiten ari dira ikastolak, eta berrikuntza horientzat guztientzat marko orokor bat, aterki bat, diseinatu dugu, eta esperientzia desberdinak ezagutzen eta barneratzen ari gara.
Batxilergoan ere lehen urratsak egiten ari gara, eredu pedagogiko berria garatzeko.
Ikastoletan ematen ari den berrikuntza hori ikusaraztea da aurtengo Jardunaldi Pedagogikoen helburua. Ikastolek azken urteetan egindako ibilbidea agerian jarri nahi dugu.
Eraldaketa hori ikasgelan, ikastolan eta ikastolak hartzen duen espazioan garatzen ari gara. Ikastola batzuk aurrerago daude, beste batzuk hasi berri, eta beteak hastear. Baina guztiek behar dituzte eraldaketa horretarako komunak diren ezaugarriak: irakaslearen jardunean eta garapen profesionalean eragin behar da; era berean, ikastolan lidergo indartsu konprometitu eta partekatu bat eskatzen du; eta, jardunaldiotan aztertuko den bezala, espazioak berak ere hezkuntzaren zerbitzura jarri behar dira. Guztia, ikaslearen inguruan ardaztuta.
Pedagogia 3.0z (hiru puntu zeroz) ari gara hitz egiten, ari gara planteatzen. Informazioan eta teknologian oinarritzen den egungo mundu aldakor, likido, ziurgabe honetarako gure ikasleak prestatzeko.
Jakin badakigu ez dela batere erraza. Aldaketa orok erresistentzia planteatzen duela. Baina badakigu, ordea, ezin garela bertan goxo geratu. Egungoak, hamarkadatan planteatutako sistemak, ez baitu balio gaur egunerako. Ez mugitzea, aldaketarik ez egitea, okerragoa litzateke, beraz.
Pedagogiaz, eraldaketa pedagogikoaz aritu naiz orain arte, huraxe baita jardunaldion muina. Baina, era berean, eraldaketa behar dugu hezkuntza sistema guztian. Eraldaketa hori, hemen eta gaur, hezkuntza lege batek ekarriko digu, edo, bestela, iraganean iltzaturik geratuko gara, ezin izango ditugu prestatu gure ikasleak egungo mundu aldakor, likido, ziurgabe honetarako. Atzera egingo dugu herri bezala.
Euskal gizarteak exijitzen digulako, hezkuntza sistema propio bat landu beharra daukagu. Horregatik, kezka handiz ikusten ari gara hezkuntza lege egitasmo bat garatzeko une honetan dagoen inpasea. Eusko Jaurlaritzak, eta gobernu akordioan bilduta dago, hezkuntza ituna bultzatuko duela esan zuen, hezkuntza lege bati ekiteko. Esango nuke, gainera, berau dela legegintzaldi honetako Eusko Jaurlaritzaren erronka nagusia. Hilabeteak dira Jaurlaritza berria lanean hasi zela, baina ez dago oraingoz ekimenik.
Erresistentziak, ordea, egon badaude egungo legedia, hezkuntza sistemaren erdia baino biltzen ez duena, ukitu ere egin nahi ez dutenen aldetik. Bertan goxo, iraganean iltzaturik geratu nahi dutenak dira.
Baina, esan bezala, hezkuntzak itun bat exijitzen du, lege bati ekiteko. Publikotasunaren definizio berri bat behar dugu, publikotasun partekatu bat; hizkuntza ereduak gainditu eta euskaran ardaztutako eleaniztasunera jo beharra daukagu; egungo gizarteak eta etorkizun ziurgabeak eskatzen dizkiguten aldaketak martxan jarri beharra dauzkagu.
Sailburuorde anderea, zeu hemen zaudela aprobetxatuta, esan nahi dizugu erresistentziak handiak izango diren arren, gehiago garela hezkuntza sistemaren eraldaketa nahi dugunak, gure herria alor honetan etorkizuneko erronkei erantzuteko prest jarri nahi dugunak. Denon artean bakoitzak dituen planteamenduak konfrontatu, eztabaidatu eta adostasunaren bitartez arautu egin nahi dugu euskal hezkuntza.
Irailean esan genuen, eta orain, ikasturtea amaitzen ari dela errepikatzen dugu: ezin dugu legegintzaldi hau galtzen utzi.
Besterik gabe, eta gaurkora itzuliz, Jardunaldi Pedagogiko hauetan murgiltzera gonbidatzen zaituztet, adituen ekarpenak adi entzutera, bakarkako eta taldekako hausnarketak egitera eta horietatik ondorioak ateratzera. Ondorio eta emaitza argigarriak izan daitezela; zuen ikastoletan praktikara eramateko modukoak.
Mila esker guztioi.