Europako 35 herrialdetatik iritsitako 180 Historia irakasle batzartu dira Donostian
Nola alda daiteke, egun, Historiaren irakaskuntza? Galdera horri erantzuten ahaleginduko dira Euroclioren Urteko Konferentzian, Historia irakasleen Europako elkartearen urteko hitzordu nagusian. Donostian hasi da gaur Euroclioren Konferentzia, eta Kontinenten Zaharretik iritsitako 180 irakasle inguru batu dira.
Goizean goiz hasi da batzarra, ordulariak 9:00ak jo dituenean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Nekane Agirre zuzendaria, EHUren Donostiako Kanpuseko errektoreorde Agustin Erkizia eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu izan dira sarrera hitzak egiten lehenak. Ikastolen Elkartea, Euroclioko kide gisa, da aurtengo konferentziaren antolatzailea.
Hauen ondotik hartu dute hitza Euroclioko lehendakari Lóa Steinunn Kristjánsdóttir-ek eta Europako Batzordeko Historia Irakaskuntzako buru Tatiana Milko-k.
Ondoren, eguneko lehenbiziko hitzaldia etorri da. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasle Mario Carretero arduratu da, eta Historia Lokala (Memoria Kolektiboa) vs. Historia Globalaz jardun da bere hitzaldian.
Carreterok berak eta Euroclioko lehendakari ohi eta fundatzaile Joke van der Leeuw Roord-ek gidatutako mahai inguru batek eman dio jarraipena Konferentziari. “Espainiar Estatuan oraindik eztabaida pizten duten gertakari historikoak. Nola islatzen dira eztabaida horiek egungo Historia eta politikaren irakaskuntzan?” zuen goiburutzat mahai inguruak, eta bertan hartu dute parte Jose Alvarez Junco eta Ander Delgado Unibertsitate irakasleek eta Giles Trimlett kazetari eta historialariak.
Nola alda daiteke, egun, Historia irakaskuntza? Galdera honek planteatzen dituen perspektiba eta erronken aurrean hainbat gai eta mintzagai gako jorratuko dira konferentzian. Halaber, lokala-globala eta iragana-oraina batzen diren elkargunearen perspektibatik jorratuko dira gaiak.
Itzal handiko adituek hartuko dute parte Konferentzian, eta, dagoeneko jorratu dituzten gaiez gain, besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte:
- Non amaitzen da Historia lokala eta non hasten Historia globala?
- Gazteen parte hartzea: Historia ikasten, eginez.
- Iraganaz arduratzen den gizartea, Historiaren irakaskuntzan: gizarte zibilaren ekimenak ezagutzea.
- Hezkuntza praktikaren bidez esperimentatzea: hainbat ikastola eta ikastetxetara bisitak.
- Baliabide berritzaileetarako sarbidea: Historiana webgunearen sustapena, online ikastaro berriak, eta proiektu baliabide berriak.
Gai horiez gain, bestelako bisitak ere egingo dituzte. Aipagarriak izango dira, Gernikako Bakearen Etxera egingo duten bisita, eta bertako Juntetxera, edota Gogora Institutuaren Memoria Plazara egingo dutena. Donostiako San Telmo museoa, Pasaiako Albaola museoa, EHUren Hezkuntza museoa ere bisitatuko dituzte, eta Donostiako oroimenaren ibilbidea ere egingo dute.
Atzo, igandez, Donostiako alkate Eneko Goiak harrera egin zien Euroclioren Urteko Konferentzian parte hartzen ari diren kide guztiei udaletxean. Gaur ilunabarrean, berriz, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok egingo die harrera.
Informazio gehiago HEMEN