Ikastolak saritu ditu Sueskolak
25.000 ikasle igaro dira Sueskolatik. Kopuru hori nabarmentzekoa da, eta ospakizun gisa nabarmendu nahi izan dute bertako kudeatzaileek. Gipuzkoako Foru Aldundian egin dute ekitaldia, eta besteak-beste, denbora honetan suteen prebentziorako konpromisorik handiena duten enpresak saritu dituzte.
Horien artean ikastolak saritu dituzte. Izan ere, hezkuntza alorrean suteen prebentziorako konpromisorik handiena duen hezkuntza taldea dela azpimarratu dute Sueskolako arduradunek, bakarra kasik. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Egonkortasun arduradun Patxi Olabarria izan dira Foru Aldundian egin den ekitaldian.
Sueskola suteak itzaltzen trebatzeko zentroa da, eta benetako suarekin jarduten dira. Bertan erabiltzen dituzten teknologiak punta-puntakoak dira, eta horrek azken belaunaldikoa eta aitzindaria bilakatzen du zentroa, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai Espainiako estatu osoan.
Sueskola Gipuzkoako Foru Aldundiak hiritar guztientzat sortutako proiektua da, profesional nahiz partikularrentzat, eta helburua da bertara gerturatzen diren ikasleek suteen aurrean zer neurri hartu behar dituzten eta haiek nola itzali behar dituzten ikastea.
Ordizian kokatua dago, Gipuzkoan, eta bere xedea da:
- Larrialdi zerbitzuetako profesionalak prestakuntza maila egokietan trebatzea eta mantentzea.
- Enpresen eskariari erantzutea suteen prebentzio eta itzaltze gaietan.
- Suteen prebentzio eta itzaltze gaietan hiritarrei jakintzak igortzea.