Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte Korrikak eta Ikastolen Elkarteak
Ikastolen Elkarteak eta Korrika-k beste behin indarrak batu eta elkarlanean 20. Korrika-ren unitate didaktikoak sortu eta aurkeztu dituzte Iruñeko Ezpeleta Jauregian. Haur Hezkuntzatik batxilergora; hau da, 3 urtetik 18 urte bitarteko ikasleei zuzendua dago materiala.
Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Xan Aire, Ikastolen Elkarteko kidea, unitate didaktikoaren egilea eta koordinatzailea; eta Asier Amondo, Korrika-ko koordinatzailea.
Korrika-k eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean 20. Korrika-ren mezua zabalduko dute Euskal Herriko ikastoletan eta ikastetxeetan, ikas-materialaren bidez.
Ikas-materialak ikusi eta deskargatzeko klikatu hemen
Hauxe izan da Koldo Tellituk gaurko agerraldian egin duen hitz hartzea.
“Egun on guztioi.
Hemen gara berriro, Korrikaren unitate didaktikoen aurkezpenean. Korrika ikasgeletara eramateko ekimena berau, AEKren eta Ikastolen Elkartearen elkarlanaren fruitua. Nork bere aldetik duen ezagutza eta esperientzia unitate honetara ekarri dugu. Euskal Herri mailako bi erakunderen arteko elkarlana, Euskal Herri euskalduna
--euskalduna hitza dimentsio osoan harturik--, egiten ahalegintzen ari garen bi erakunderena, elkarren osagarri ere bagarena. Kontziente baikara bakarka baino samurrago, eraginkorrago, egin dezakegula gure egitekoa elkarrekin.
Korrika-zaleak gara ikastolak, ekimen honek ere biltzen baititu ikastolok ditugun balio nagusiak: elkarlana, auzolana, euskararekiko atxikimendua … Eta korrika egiten dugu Korrika igarotzen ez den edota ordu txikietan igarotzen den herrietan ere; Korrika txikiak non nahi antolatuz.
Jakina da Korrika zertarako den. AEK-k bere lana egiten, helduak euskalduntzen eta alfabetatzen jarraitzeko behar duen finantzazioa lortzeko helburu nagusia du. Baina hori horrela den arren, eta horregatik beragatik ere merezi duen arren, ongi merezi gainera, Korrikak euskal gizarteari zer ematen dion ere aintzat hartu beharrekoa da.
Egun bereziak dira Korrika egunak. Hamar hamabi egunez Euskal Herria zeharkatzen duen ekimenak haize freskoa eramaten dio igarotzen den lekuko euskalgintzari; hedabideetan ere egun bereziak dira, albistegiak eta orrialdeak beste kolore batez janzten baitira. Ezin ahaztu, gainera, Korrika kulturalak euskal kulturari eskaintzen dion leiho zabala.
Eta zer esan horrelako ekimen erraldoia prestatzeko eta aurrera eramateko behar diren boluntario piloaz? Urrearen balioa dute auzolanean eta musu truke arituko diren milaka herritarrek. Nork bere alea jarriz, nork bere izerdia botaz, Otxandiotik abiatu eta honaino, Iruñeraino, Korrikaren beste ekitaldi erraldoi eta arrakastatsua gauzatuko dute.
AEK-k, beraz, jaso egiten du Korrikaren bitartez, baina eman ere egiten du, aberastu egiten du euskal gizartea Korrikaren bidez, eguneroko bere lanaren bidez aberasten duen bezala.
Horregatik guztiagatik ikastolontzat ohore handia da ekimen honetan parte hartzea. Gure alea jarri dugu unitate didaktiko hauen bitartez, eta gure aleak jarriko ditugu herririk herri, Korrikari ongietorria egiteko orduan ere.
Eskerrik asko”.