Atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolatzean lan ildo bat abiarazteko eta gidatzeko eskatu diote ikastolek Eusko Jaurlaritzari
Azken egunetan, komunikabideen bidez, berri desberdinak ezagutu ditugu atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolaratzearen trataera dela eta. Batetik, EHIGEren balorazioa ezagutu dugu "2016-2010 eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana" dela-eta, eta, bestetik, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Arabako Hezkuntza bermeen Batzordea utzi dutela jakin dugu. Halaber, Gasteizko udaleko "Hezkuntza eta dibertsitate mahaia"-k egindako eskola segregazioari aurre egiteko azterketa eta proposamen desberdinak biltzen dituen dokumentua ere ezagutu dugu.
Ekimen eta plan hauek atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolaratzeari eta segregazioa ekiditeari erantzun bat ematea dute helburu, eta Ikastolen Elkartean bat egiten dugu gai honi erantzunak emateko azterketa eta planak egin beharrarekin. Hala ere, ekimen hauek guztiek badute beste gauza komun bat ere: zoritxarrez, proposamen zehatz batzuk egin direnean, hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzearen bermerik gabe egin dira, gure herriaren egoera osoa biltzen ez duten eremuetatik egin dira, izaera lokala dutelako edo ikuspuntu zehatz batetik egin direlako, eta guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila parte hartzen ari den arren, ez da bakar batean ere lidergoa eramaten ari.
Ikastolen Elkarteak adierazia du gai honi irtenbide integral bat emateko Hezkuntza Lege Propio baten beharra dugula, atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolaratzea arautuko duena. Badakigu, hala ere, euskal gizartea arlo honetan berehalako erantzun bat eskatzen ari dela. Hori dela-eta, beharrezko ikusten dugu Hezkuntza Sailak deitu eta gidatuko duen lan ildo bat abiaraztea, hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzearekin, egoeraren azterketa egin eta neurri zehatzak proposatu eta landuko dituena, garatzeko egutegi zehaztu batekin, eta neurrion eraginkortasuna neurtzeko tresnekin. Hau guztia atzerritar jatorria duen ikasleriaren eskolaratzeak aterabide estruktural baten beharra duela begi bistatik galdu gabe, hezkuntza lege berri batek batu beharko duena.