Ikastolen Ikasturte Hasierako Ekitaldia, larunbat honetan

Larunbat honetan, irailaren 24an, ikastolek 2016-17 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia ospatuko dugu, Hernaniko Orona Ideo Fundazioan. Ekitaldia goizeko 11:00etan izango da, eta ordubete inguru iraungo du. Horren ostean, otamen txiki bat izango da bertaratzen direnentzat.

Berritzen, hobetzeko’ lelotzat hartuta egingo dugu ekitaldia, eta bertan azalduko dira ikastolak, etapaz etapa, aurrera eramaten ari diren berrikuntza pedagogiko nagusiak.

Aurten IKASTOLA aldizkariak 25 urte bete ditu lehen zenbakia argitaratu zuela. Hori ere gogoraraziko dugu ikasturte hasierako ekitaldian.

Joan den ikasturte amaieran berritu diren Artezkaritza Batzordea eta Zuzendaritza Taldea ere aurkeztuko ditugu ekitaldian.

Ohi bezala, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu jaunak ikasturte honetarako ikastolek dituzten helburu eta erronken berri emango du.

Agintari, herri ordezkari, politikari, sindikatuetako kide, gizarte eta kultura eragileetako ordezkariak gonbidatu ditugu ekitaldira, eta hitza hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte andereak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa jaunak, eta Hernaniko alkate Luis Intxauspe jaunak.