Bilera Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek harrera egin zioten atzo Ikastolen Elkartearen ordezkaritzari (Koldo Tellitu, Jose Luis Sukia eta Imanol Igeregi). Eguerdi aldera izandako bileran, EHIn izandako hainbat aldaketa organizatiboren berri eman zion Koldo Tellituk Iñigo Urkulluri, bereziki EHIren Zuzendaritzan izandako erreleboa, Jose Luis Sukia zuzendari nagusi berritzat aurkeztuz.
Egungo abagune sozialean hezkuntzak, berrikuntzak eta hezkuntza-enpresa uztarketak euskal gizartearen etorkizunerako eta ongizaterako duten garrantzia nabarmendu zuten atzoko bileran.
Bukatzear dagoen legealdia ere baloratu zen bilera horretan. Alderdi positiboak eta garatu gabe geratu direnak errepasatu ziren, eta bereziki Hezkuntza Legearen aukera aztertu zen. Alde biek lege horren beharra azpimarratu zuten eta helburu horretara iristeko ager daitezkeen eragozpenak ere aipatu zituzten. Ondorengo legealdian saihestezinezko helburutzat jo zuten bi aldeek lege bat egitea. Bide horretan, EHIk berriz ere elkarlanerako aukera adierazi zion Eusko Jaurlaritzari.
Halaber, Euskal Herriko ikastolen garapena (orokorrean eta lurralde desberdinetan) aztergai izan zuten Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egindako bileran. Kasu guztietan, dagozkien neurri eta ardura-maila kontuan hartuz, Eusko Jaurlaritzaren eta Ikastolen Elkartearen arteko solaskidetza bidearen aukera lehenetsi zuten bi aldeek.