Argia ikastolan agertutako pintaketen gaineko prentsa oharra
Mehatxuz eta irainez beteriko pintaketen bitartez, Tuterako Argia Ikastolak jasan duen azken erasoaren aurrean, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak hau adierazi nahi dugu:
- Irmotasun handienarekin salatzen dugula gure ikastoletako baten aurka izan den erasoa.
- Horrelako gertakariak ez direla onargarriak inondik inora ere, are gutxiago bizi garen garaiotan. Euskal herritarrok, oro har, eta Nafarroakook zehazki, argi erakutsi dugu bizikidetzan eta berdintasunean oinarritutako eta inolako bazterkeria eta zapalketarik gabeko gizartea nahi dugula. Horren adibide zehatza izan dira, egunotan, Sanferminetan, sexu erasoen aurrean ikusi ditugun mobilizazioak.
- Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa duela Tuterako Argia ikastolako komunitateak. Lan handi eta eredugarria egiten ari da Argia ikastola Tuteran, kalitatezko hezkuntza euskalduna eskainiz.
- Horrelako eraso bati erantzunez, gure lanean jarraituko dugula ikastolok, are eta gehiago sakonduz gure balio demokratikoetan, bizikidetzan eta berdintasunean.