Ikastola eredua, ingelesa ikasteko eta irakasteko nazioarteko metodo onenen artean

Ikastolen Elkarteak sortu eta Ikaselkar argitaletxeak ekoitzitako EKI proiektuaren ingelesezko Subject Project 2 materialak azkenean ez du lortu hautagai  zen ELTons saria eramatea, baina British Councilek antolatutako sariotan hautagai izendatu izana jada sari handia izan da, Ikastola eredua, ingelesa ikasteko eta irakasteko nazioarteko metodo onenen artean kokatu duelako.

Ikastolen Elkartean sorturiko materiala 'Excellence in Course Innovation' (ikasmaterialen eta irakaskuntza programen berrikuntza) atalean zegoen izendatua, eta ELTons sarien epaimahaiak honela laburbildu du Subject Project 2 materiala: “Ongi osatutako edukien eta hizkuntzen ikasketa integraturako baliabidea da, mundu errealeko konpetentzietan oinarritzen dena eta gramatikatik harago doana”.

Ikastolen Elkartea-Ikaselkar beste hiru hautagairekin batera lehiatu da ekitaldi honetan: Cambridge University Press (Erresuma Batua), National Geographic (Erresuma Batua), eta Areal Editores (Portugal). Azkenean National Geographicek eraman du saria. Erakunde horiek duten itzala kontuan hartua,  finalista izate hutsak duen garrantzia nabarmentzekoa da.

Ikastolen Elkartearentzat ohore handia da berak sorturiko ikasmateriala urteko material onenen artean izendatua izatea. Munduan ingelesa ikas-irakasteko metodo onenetakoa dela ebatzi du munduan zehar ingelesa eta britainiar kultura hedatzeko egitekoa duen Erresuma Batuko erakundeak. Horrek berretsi egiten du Ikastolen Elkarteak EKI proiektuaren bitartez abiatutako eredu pedagogiko berriaren balioa, alegia, euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren  pedagogian oinarritutakoa eta euskaran ardaztutako eleaniztasuna helburu duena, besteak beste.

 

Phill Ball eta Koldo Telltiu prentsari adierazpenak egiten