Beñat Mujikak eta Joanes Illarregik irabazi dituzte Gipuzkoako eta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak
Asteburu honetan jokatu dira Nafarroako eta Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak, eta Joanes Illarregi leitzarrak eta Beñat Mujika donostiarrak irabazi dituzte, hurrenez hurren.
Eibarko Coliseo Antzokian jokatu zen igandean Gipuzkoako txapelketa. 11:30etan hasi zen txapelketako saioa eta aurreko asteetako kanporaketatik sailkatutako zortzi bertsolarik jokatu zuten: Aizpea Garmendiak, Andoni Mujikak, Ane Peñagarikanok, Beñat Mujikak, Gontzal Belategik, Itziar Mendiak, Libe Goenagak eta Urko Arregik.
Ainhoa Mujika, Amaia Otxotorena eta Martin Aramendi izan ziren epaile eta Nerea Urra idazkari lanetan. Bat-bateko saioan Saroi Jauregi izan zen gai-jartzaile. 300 entzule inguru bildu ziren Coliseo Antzokian. Beñat Mujika izan zen txapelduna eta Aizpea Garmendia txapeldunorde. Beraz, ekainaren 4ean, Ereñozun, ospatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean abestuko dute biek.
Apirilaren 15ean jokatu zen, berriz, Nafarroako Eskolartekoa. Altsasuko Itsasi euskaltegian izan zen eta Joanes Illarregi leitzarrak jantzi zuen txapela, bigarrenez gainera.
Guztira zortzi bertsolari gaztek hartu zuten parte lehenengo fase ireki batean. Gai orokorrarekin, lau oinekin eta hitza emanda bertsoak osatu ostean, Xabat Illarregi (Leitza), Joanes Illarregi (Leitza), Idoia Granizo (Altsasu) eta Ekain Alegre (Altsasu) aritu ziren bigarren fasean. Azkenean Joanesek jantzi zuen Nafarroako bertsolari gazteen txapela eta Xabat Illarregi berriz, bigarren sailkatu zen
Biek ordezkatuko dute beraz Nafarroa, datorren ekainaren 4an Ereñozun jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.