KiVa programa ezagutu eta aztertu dute ikastolek
Finlandian garatu eta arrakasta handiz txertatu duten eskola jazarpenaren aurkako KiVa programa ezagutu eta aztertzeko aukera izan dute gaur ikastolek, Gasteizko Europa Jauregian egin den lan jardunaldian..
Eskola jazarpena izugarri murriztea lortu dute Finlandian KiVa programari esker. Finlandiako Turku Unibertsitateak landu duen programa da, herrialde horretako Gobernuak hala eskatuta. 2006an hasi ziren lantzen programa hau, baina 2009an jarri zuten martxan, eta geroztik emaitzak harrigarriak izan dira. Jazarpen kasu batean esku-hartzeko eta jarraipena egiteko programa ere baden arren, KiVak bereziki prebentzioan jartzen du indar handiena. Eskola jazarpena talde fenomeno bat dela kontuan hartuta, gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen du.
Goiz osoan zehar Johanna Alanen eta Ulrika Willför-Nyman-en eskutik ezagutu dute programa ikastolek. Lehena KiVa programaren nazioarteko koordinatzailea da. Bigarrena, berriz, programa hori duela urte batzuetatik hona indarrean duen eskola bateko zuzendaria.
Beren testigantzak eta azalpenak entzun, eta lau tailer desberdinetan landu dituzte ikastoletako ordezkariek KiVak eskaintzen dituen material eta proposamen desberdinak.
Ikastolen erantzuna, gai honetan duten interesaren parekoa izan da: Hego Euskal Herriko ikastola guztietatik etorritako ordezkariek hartu dute parte Gasteizko Europa Jauregian egin den lan jardunaldian. Seaskatik ere ordezkaritza bat etorri da. Guztira 300 lagunetik gora -zuzendari, arduradun pedagogiko eta irakasleak- bildu dira Europa Jauregian.
Ikastolen Elkartearen eta ikastola askoren gogoa zen Finlandian eskola jazarpenari aurre egiteko 2009tik martxan duten KiVa programa ezagutzea, aztertzea eta bertako esperientziaren testigantzak jasotzea. Hori dena egin da. Orain ikastolei dagokie programa ezartzen duten edo ez erabakitzea.
Programa ezartzeko beharrezkoa den inbertsioa kontuan hartuta, hastapenean hogei-hogeita bost ikastola proiektuan engaiatzea beharrezkoa litzateke, programaren ezarpenak gainkostu handiegirik eragin ez diezaien ikastolei. Kopuru hori lortzea eta gainditzea egingarri ikusten den erronka da. Otsailean zehar jasoko dira ikastolen erantzunak. Gutxieneko kopurua lortuz gero, heldu den ikasturtean KiVa programa gure ikastoletan martxan jartzea egongo litzateke.