YESict europar proiektuan parte hartzen ari da Ikastolen Elkartea

 

Ikasleengan ekintzailetasun konpetentziak sustatzea xede duen YESict europar proiektuan parte hartzen ari dira Ikastolen Elkartea eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa

Hamar eta hamabost urte bitarteko ikasleengan ekintzailetasun konpetentziak garatzea du helburu YESict europar proiektuak (Young Entreprene urial Siklls by ICT). Europako Batzordearen Erasmus+ programak finantzatu du YESict; proiektuaren bitartez, metodo didaktiko berritzaile bat diseinatuko da irakasleentzat, haiek euren ikasleen ekintzailetasun konpetentziak sustatzeko erabil dezaten ikasgeletan.

Ekonomia krisiak agerian utzi du Europan hazkunde ekonomikoari, enpleguari eta gizarte ongizateari eusteko beharrezkoa dela ekintzailetasuna bultzatzea. Testuinguru horretan, premiazkoa ikusi da ikastetxeetan ere ekintzailetasuna eta harekin lotutako zenbait konpetentzia (sormenezkoak, arriskuak hartzekoak) garatzen lagunduko duten programak martxan jartzea.

Erronka horri aurre egiteko helburuarekin, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak indarrak batu dituzte eta europar mailako kontsortzio bat eratu dute YESict proiektuan lan egiteko. Bi erakunde hauekin batera proiektuan jardungo dute beste erakunde hauek: Antic (Lapurdi), FH Joanneum Uni (Austria), Synthesis (Zipre), Nikosiako Unibertsitatea (Zipre) eta Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka). Kontsortzio honek 2018ko abuztura arte jardungo du lanean.

Ikastetxearen ingurunean ekintzailetasuna garatzea ahalbidetuko duten erreminta digital sortzaileen diseinuan eta esperimentazioan kolaboratuko dute, zehazki, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak.