Aurten ere jolas eta joko ugari, denok dibertitzeko!

 

Jolas egin eta ikasi. Ikasteko modurik polit eta dibertigarriena delako jolas egitea. Ikastolen Elkarteak jolas gehiago ekoitzi ditu negu honetarako, bakarka, taldean, adin berekoekin, familia guztiarekin jolasteko. Eta joko digital gehiago ere ekoitzi ditu.

 

EMOTIK-TAK-TOK (3-5)

Oinarrizko emozioak euskaraz identifikatu, eta, horien kudeaketarako lehen urratsak egiteko egurrezko panela da. Adimen emozionala garatzen laguntzea du helburu material honek.

Haur eta helduen arteko harremanari atentzio guztia eskaintzeko momentua bilatzea komeni da. Egunero bada, hobe. Momentu honetan egunean zehar sentitu diren emozioak identifikatu eta adierazteko ahalegina egingo da. Hasieran helduak eman dezake eredua, ondoren haurraren txanda izango da. Haurren sentimenduak jasotzeko estrategiak martxan jartzea komeni da. Arbela erabil daiteke, hitzez adierazten ez dakien emozioa edo egoera adierazteko.

Bukaera gisa, laburpentxo moduko bat egitea proposatzen da. Zorionmetroaren bitartez, emozio positiboen neurketa egitea proposatzen da. Eguna ahalik eta modu positiboen eta lasaien bukatzea bilatu beharko litzateke.

 

 

BOKALAK (3-6)

Jolasaren helburua  honako hau da: ahozko hizkuntza garatzea, irakurketa-idazketa prozesuaren kodearen ezagutzara hurbiltzen hastea eta kontzientzia fonologikoa lantzea.

2 zatiko 10 puzzle, aurretik nahiz atzetik jolasteko. 10 bokal ahokagarri. Aurrealdean irudia eta bokala eta, atzealdean, dagokion hitza (larriz eta xehez).

Mahai gainean jartzen dira zati guztiak, ahoz gora, nahastuta. Lehendabizi haurrak bokal bakoitza dagokion puzzle zatian sartuko du. Hori egindakoan, gainontzeko atalak begiratu eta elkarrekin lotu behar ditu, bokal bakoitza berari dagokion irudiarekin. Era horretan puzzle guztiak osatuko dira. Fitxen atzealdearekin ere osa daitezke puzzleak. 

Bokalak -solte hartuta- letrak idazteko txantiloi legez erabil daitezke, letraren silueta margo edo arkatz batekin inguratuz paper baten gainean.

Jolasaren erabilera ugari proposatzen dira, banaka, binaka nahiz helduaren laguntzarekin lan egiteko.

 

GURE GORPUTZA (4-8)

Jolasaren helburua honako hau da: Jolasean, norberaren gorputza ezagutuz, eta norberaren hezur eta organo nagusiak identifikatuz, hezkidetzan oinarritutako balioak garatzea, eta, besteekin, adiskidetasun harremanak gorpuztea.

30 zatiko 2 puzzle, aurretik nahiz atzetik jolasteko. Gorputz-atalen, hezurren eta organoen izenak idatzita (letra larriz).

Jolas honek sexuen artean dauden berdintasun eta desberdintasunei buruz hitz egiteko aukera ematen du. Nesken eta mutilen organo berdinak eta desberdinak zein diren azaltzeko;  desberdinak baina osagarriak garela adierazteko; sexu desberdintasunei buruzko errespetuzko balioak garatzeko.

Erabilera ugari proposatzen dira, bakarka, binaka, taldean, nahiz helduon laguntzarekin jorratzeko.

 

ARGITXO ETA IPOTX GALTZABERDEA

Argitxo iratxoaren azken abentura, Mitxel Muruaren eskutik. Argitxok Patrizio Mackakorro galtzaberde irlandarra aurkitu du hondartzan, botila baten barruan.

 

 

 

 

 

Joko digitalak ere bai

Ikastolen Elkarteak gailu berrietara egokitutako joko eta jolasak ekoizten ere ari da. Horren erakusle dira azken bi urteotako eskaintzak. Aurten ere badatoz nobedadeak, ordenagailuetan, tablet-etan zein android sistema duten sakelako telefonoetan jolasteko. Hiru joko, online jolasteko

Auskalo.eus. Euskal Trivial-a.  (8+) eta (12+)

On-line bertsio honen bitartez, galdera-erantzuneko mahai-joko onenaz goza dezakezu.

Galdera ugari, bi zailtasun maila eta bost arlo. Bakarrik nahiz taldean jokatzeko.

Egin proba!

 

Kalabazan.eus

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan!

Ikastolen Elkarteko ipuin onenak digitalki ikusi, entzun eta irakurtzeko aukera duzu orain. Ordenagailu, tablet zein mugikorretik ipuin guztiez gozatu ahal izango duzu!

Google Play denda ofizialean offline aritzeko Android aplikazioak ere eskura ditzakezu!

 

Argitxo.eus

Argitxo, zuekin jolas egitera dator!

Bizi proiektuaren barnean, 3-6 urte tarterako sortutako materialaren osagarri gisa eraiki da. Produktu honetan dauden jokoak diseinatzerakoan, haurrentzako egokiak diren jolasak integratu dira eguneroko egoerak kontuan harturik.

Google Play denda ofizialean offline aritzeko Android aplikazioak ere eskura ditzakezu!