Kilometro berritzaile eta parte-hartzaileak egingo ditu Bergarak
Kilometro berritzaile, parte-hartzaile eta parekideak izatea, horixe da Aranzadi ikastolak datorren urteari begirako Gipuzkoako ikastolen jaiari jarritako helburuetako batzuk. Gaur aurkeztu dituzte helburuok Donostiako Ikastolen Etxean egin duten agerraldian.
Aranzadi ikastolako lehendakari Aitziber Lopez de Aretxagak, zuzendari Ane Barrusok, eta KMK16ko koordinatzaile Ekaitz Aranberrik eman dituzte azalpen nagusiak. Haiekin batera egon dira, baita ere, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterola eta Kilometroen koordinatzaile Mikel Egibar.
Kilometroak herritar guztiena izatea nahi dute Aranzadikoek. «Ez da helburua jendeak jaia antolatzen laguntzea, helburua da jendeak berak kilometroak antolatzea, diseinatzea, eraikitzea. Ikastolak ez du Kilometroak antolatu nahi jendearen laguntzarekin, Aranzadin helburua da kilometroak denonak izatea eta horretarako denok elkarrekin, kooperazioan egin behar ditugu kilometroak» esan dute aurkezpenean. «Asmoa da Bergararekin, Deba ibar osoarekin eta Gipuzkoarekin kilometroak antolatzea», eta eguna iristen denean Euskal Herri osotik Bergarara joango direnek ere izan dezaten benetan Kilometroak bizitzeko modu parte-hartzaileago bat.
Horregatik, Kilometroak antolatzeko sortu ohi diren ohiko batzordeez gain, beste bat osatu nahi da herriko eragile eta interesatuta dagoen jende guztiarekin, haiek urtean zehar eta egunean bertan zer nolako jaia antolatu nahiko luketen jakitera eman eta elkarrekin egitarauak osatzeko. «Aranzadi ikastolaren erronka nagusia 2016ko KMKrako da urte honetan zehar eta jaian bertan, adin, pentsaera, sentimendu, jatorri, hizkuntza, gaitasun eta adimen desberdin guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea Kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan».
Helburu ekonomikoari dagokionez, Kilometroen baitan bilduko duten dirua egin dituzten obrak burutu ahal izateko eskatu zituzten maileguak ordaintzera bideratuko dute. Aranzadi ikastolak eraikin bakarrean elkartu zituen bitan banatuta zituen ikasleak, eta horretarako, eta abian duten berrikuntza pedagogiko sakona aurrera eramateko, instalazioak egokitu behar izan zituzten.
Ostiralean aurkezpen ekitaldia
Aranzadi ikastolakoek ez dute argitu nahi izan zeintzuk izango diren datorren urriaren 2ko jaiaren leloa eta logotipoa. Ostiral honetako iluntzean ikastolan bertan egingo duten aurkezpen ekitaldian azalduko dute hori. 19:00etan hasiko da ekitaldi hori.
14.000 biztanle ditu Bergarak eta hiru ikastetxe. Bostehun familiak, 712 ikaslek eta 62 irakasle eta langile ez irakaslek osatzen dute Aranzadi ikastola. Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak gogorarazi duen moduan, Aranzadi lan handia egiten ari da une honetan: “Ikastola egokitzeko obrak ez ezik, berrikuntza pedagogiko sakona ere egiten ari da. Euskal curriculuma, konfiantzaren pedagogia, adimen aniztasuna… lantzen eta barneratzen ari dira”.
1971. urtean sortua, hirugarren aldia du Aranzadik Kilometroak antolatzen dituela. Aurrenekoa 1991n antolatu zituen, eta orain arteko azkena, berriz, 2007an. 2016an, beraz, bi urteurren beteko ditu Aranzadi ikastolak: sortu zela 45 urte izango dira, eta lehenbiziko Kilometroak jaia antolatu zuela 25 urte.