'Lur eta Amets. Euskal Herriaren Historia' egitasmoa aurkeztu dute

 

Lur eta Amets. Euskal Herriaren Historia egitasmoa aurkeztu dute gaur Donostian. Ikastolen Elkarteak, Elkar-ek eta Katxiporretak elkarlanean abiarazitako proiektua. Ordubeteko aurkezpena izan da, xehetua, eta bertan aurkeztu dira orain arteko egindako lana, egiten ari direna eta egin nahi dena.

Aurkezpenean parte hartu dute proiektua aurrera atera duten egile eta koordinatzaileek, eta hitza hartu dute Aintxine Mendizabalek, proiektua koordinatzen ari denak, Lotura Filmseko arduradun Juanba Berasategik eta Uxue Alberdik.  EHIko lehendakari Koldo Tellituk, Katxiporretako Joxe Mari Agirretxek eta Elkar-eko Olatz Osak ere parte hartu dute eta Osak hitz egin du hiruen izenean.  Aurkezpena Maddalen Iriarte kazetariak gidatu du.

Gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz sortu da egitasmoa. Gaztetxo eta haurren beharrei begira pentsatu baina familia osoarentzat ere baliagarriak diren edukiak garatu dituzte.

Euskal Herriaren historiaren kontakizuna modu atsegin eta errazean azaltzea dute helburu egitasmo honetako argitalpen guztiek. Horretarako sortu dituzte historian barrena eramango gaituzten Lur eta Amets anai-arrebak, amona Andere eta Baltaxar katua pertsonaiak. Dei Gaztelumendi eta Patxi Pelaez ilustratzaileek irudikatu eta eman diete bizitza pertsonaia hauei.

Ilustrazioek berebiziko garrantzia dute proiektuan. Alderdi historikoari dagokionez, gure historiaren hainbat pasarte eta txoko errealismo handiz irudikatu du ilustratzaile talde batek, Lotura Films ekoizpen etxea zuzentzen duen Juanba Berasategiren gidaritzapean: Jose Angel Lopetegi, Iñaki G. Holgado, Angel Gomez Espinosa eta Jorge Madejon.

Ezagutza-liburua

Oinarrizko liburu dinamiko eta erakargarri honek Euskal Herriaren historiaren kronika jasotzen du, antzinatik hasi eta gaur egunera arte; zortzi gaitan sailkatuta, beti ere ordena kronologikoan. Manu Arregi eta Jesus Mari Olaizola “Txilikuk” idatzi dute testua zientziaren luma zorrotzez baina alde didaktikoa ahaztu gabe, gaztetxoengana iristeko eta etxeetan familiak erabiltzeko.

Kronologiari jarraituz, zortzi gai hauetan sailkatuta dago:
– Gure antzeko gizakia Euskal Herrira iritsi arte
– Euskal Herriko gizakien bizimodua
– Hizkuntzak Euskal Herrian
– Bizitokiak eta bizimoldeak
– Lanbideak, ekonomia, zientzia eta industria
– Ohiturak, mitologia eta erlijioa
– Euskal Herriko jolasak, jokoak eta kirolak
– Arte Euskal Herrian

… Ipuinak:

Irudimena, abentura eta eduki historikoak dira ipuin hauen osagaiak; istorioen sinesgarritasunaren mesedetan, kalitatezko haur literatura eskainiz, zientziak arakatu ezin duen lurralde misteriotsuetan barneratzeko.

Uxue Alberdik asmatuak dira Lur eta Ametsen abenturak (Atzaparra zubian izan ezik; Unai Elorriaga). Patxi Pelaez ilustratzaileak Euskal Herrian barrena koloretako paisaietan murgildu ditu bere marrazkiekin.

Argitara eman dira dagoeneko:

Memoriaren ehiza
Negua da eta elurra mara-mara ari du; Lur eta Ametsek kobazulotik irten ezinik egunak daramatzate. Gizon gehienak, berriz, ehizara joanak dira; klanari jatekoa amaitzen ari zaio. Halako batean, esku-hutsik itzuli dira ehiztariak, asko larriki zaurituak. Ezin izan dute errinozeroa harrapatu.

Atzaparra zubian
Lur eta Amets soldadu erromatarrengandik ihesi doazela, zeharkatu ezin duten zubi batekin egin dute topo; amaitu gabe dago. Horrenbestez, preso hartu eta zubia bukatzeko lanak egitera zigortu
dituzte. Amona Anderek aterako ditu estutasunetik: lagun dituen lamiei deitu eta guztien artean amaituko dute zubia.

Haizeak eraman zuen mapa
Baskoien buruzagi Eneko Aritza ezagutuko dute Lur eta Ametsek, Abduli esker. Abdul amona Andereren mutil-laguna da eta Tuterako Musa II.a agintariaren zalditegiko langilea. Buruzagi gazteak badu amets bat: baskoien erresuma sortzea. Ametsek erresuma berriaren lehenengo zirriborroa irudikatuko du mapa batean.

Gurarien harria

Azoka eguna da Gasteizen, eta Lur eta Amets amonarekin atera dira jendez gainezka dauden kaleetara. Lanbide ezberdinen erakusgarri dira hiriburuko kaleak. Ustekabean, ordea, denda bitxi bat aurkituko dute, Aiztogile kalean: Magiaren txokoa. Eta bertan, beren desioak betetzen lagunduko dien gurarien harria.

Laurogei amonen altxorra

Amona Anderek egunero irakurtzen die Lur eta Ametsi zeruan idatzitako mezuren bat. Gaurkoan, hodei beltzek ez dute gauza onik iragartzen; aurki iritsiko dira Zugarramurdira zaldun beltzak. Arriskuan daude eurak eta beren jakintza. Graxiana lagunarengana joan da amona. Zerbait pentsatu beharrean daude, onik ateratzeko.

Baiona Ttipiko piratak

Baionan ezkontza handi bat ospatuko da aurki: Parisko dama bat eta merkatari ospetsu bat esposatuko dira. Festa handi bat egingo dute eta txokolatea banatuko zaie gonbidatu guztiei. Arropa dotoreak jantzita doazen guztiak sartu ahal izango dira. Ametsek soinekoak egiteko patroiak bai, baina oihala falta du. Portuko itsasontzietan aurkituko dute, ustez, oihal preziaturen bat.

Mahai jolasa

Gure historiaren inguruko 1.500 galderez osatutako mahai-jokoarekin, gazteek nahiz helduek orain arte ezagutzen ez zituzten erantzunak topatuko dituzte jolasten duten bitartean. Galdera-erantzunen bidez Euskal Herriaren historia ezagutzeko mahai- jokoa dugu, alegia. Bakarka nahiz taldeka joka daiteke gainera. Xabier Dorronsoro eta Edurne Flores dira, historiako bost aro nagusiak ardatz hartuta, 1.500 galderak eta erantzunak prestatu dituztenak.

Atari digitala

Orain bizi dugunari Aro Digitala deitzen diotenez, derrigorrezkoa ere bazen Lur eta Amets Euskal Herriaren Historia egitasmoa sarean ere egotea, eta horretarako egin zaio ATARI DIGITALA. Atariak gaztetxoen aisialdian Euskal Herriaren historiara hurbiltzeko tresnak eskaintzen ditu:

• Jolas interaktiboak. Haitzulo harrigarria eta Denboran barrena jauzika

• Zu ere historialari: selfi e historikoak egin eta ezagutu gure herrietako historia

• Gure ametsaren lurra abestia

• Animazioa: ikus-entzunezko kronika historikoa

Atarian bildu dira Lur eta amets, Euskal Herriaren historia osatzen duten eduki guztiak eta proiektuari buruzko informazioa.

Abestia

Horrelako proiektu batek soinu banda ere merezi zuela iritzi zioten, eta egin egin diote, gainera. Xabier Zabalaren musikaz eta Uxue Alberdiren hitzez osatua dago. Eñaut Elorrietak eta Uxue Alberdik berak jarri diote ahotsa ‘Gure lurraren ametsa’ abestiari.

Proiektu irekia

Proiektua ez da oraingo ekoizpenarekin amaitzen. Aitzitik, jarraipena izango du, ipuinen bitartez (lehen esan bezala), webgunea garatuz eta edukiz berrituz eta gehituz, eta bestelako egitasmo batzuk abiaraziz, gaurko aurkezpenean iradoki baino gehiago desio gisa aipatu duten bezala. Izan ere, gogoa badago, eta garbi esan dute, ‘Lur eta Amets. Euskal Herriaren Historia’ egitasmoa marrazki bizidun bilakatzeko. Horren aurrerapen gisa, proiektuaren spot gisa aurkeztu duten hiru minutuko trailer bat erakutsi dute. Bildutako jendeak oso harrera ona egin dio egitasmoari.

Horretarako, ordea, ez da nahikoa Ikastolen Elkartea, Elkar eta Katxiporretaren arteko elkarlana. Horregatik, Olatz Osak, hiru elkarte horien izenean hitza hartu duenean, eragile gehiagoren kolaborazioa eskatu du: “Gaur aurkeztu eta plazaratzen duguna abiapuntua da guretzat, esanahi eta garrantzia berezia duen egitasmo baten hasiera. Bidelagun berriak inguratu nahi genituzke proiektura, konbentzituta baikaude, indarrak metatuz datozen belaunaldientzat, hezkuntza komunitatearentzat eta oro har euskal gizartearentzat baliagarria den ekarpena egitea lortuko dugula”.

 

 

Antxiñe Mendizabal
Maddalen Iriarte
Egileak
Ikastolen Elkarteko, Elkarreko eta Katxiporretako ordezkariak Lur eta Amets egitasmoaren aurkezpenean