'Kortsarioen ostatua' komiki albuma kalean da
Gaur aurkeztu dute Kortsarioen ostatua komiki albuma, Ikastolen Elkarteak eta Xabiroi komiki aldizkariak ekoitzitakoa. Dani Fanok eta Guillermo Gonzalezek elkarlanean egindako lana da Kortsarioen ostatua. Bi egileak egon dira aurkezpenean, baita Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta David Zapirain historialari eta komiki-zalea ere.
Donostiako Aquarium-a izan da komiki albuma aurkezteko hautaturiko lekua, toki aproposa jorratzen duen gaia aintzat hartuta, XVII. mendeko Donostian kokatuta baitago eta kortsario eta itsaslapurren istorioak baititu oinarri.
Guillermo Gonzalezek egin ditu marrazkiak eta Dani Fanok gidoia. Elkarlanean egindako lana da, eta hasieratik garbi eduki zuten abenturazko komiki bat egin nahi zutela, abenturazkoa eta itsaslapur eta kortsarioen gainekoa. Era berean, ordea, historiari ere erreparatu nahi izan zioten, alegia, historiako eta geografiako une eta leku konkretu batean kokatu nahi zituzten abentura horiek.
Hala, dokumentatzen hasi zenean ohartu zen Dani, Donostiak bazuela berak ezagutzen ez zuen kortsarioekin lotutako historia garrantzitsu bat. Austriarren garaian, XVII. mendean kortsarioen Europako kairik garrantzitsuenetakoa izan zen, behar bada Belgikako Ostende eta Frantziako Arroxelaren ondotik inportanteena.
Historian arakatuz, beraz, kortsarioen bizimoduaren gaineko eta haien presentzia garrantzitsuaren inguruko xehetasun mordoaren jabe egin zen Fano, eta benetako historian oinarrituta harilkatu dituzte Kortsarioen ostatua bilduman agertzen diren istorioak.