Nafarroa Oinez eta auzolana, malkotan
Benigno Mendia, urdiaindarra, ikastolako guraso inplikatua, ikastola zale eta bultzatzailea, Nafarroa Oinezeko kide eta laguna joan zaigu betiko, bihotzekoa jota.
2005ean Iñigo Aritza ikastolari Nafarroa Oinez antolatzea tokatu zitzaionean, Benigno bete-betean murgildu zen muntaian. Berari esker aldatu ziren txosnetako barrak, komunak, materialaren erabilerak. Bere ekarpena handia izan zen, eta orduz geroztik beti izan du hura buruan.
Gizon handia zen, bihotzez izugarria, eskuzabala eta inplikatua, umoretsua, taldeari tiratzen zekiena... Arazorik ez zegoen berarentzat, irtenbideak baizik ...
Sukaldea zuenez gustukoa, berarekin batera, Benigno taldeak paella goxo-goxoa egin izan ditu azken hamar urteotan, hain ezaguna den Oinezeko paellada! Milaka plater atera dira haien eskutatik, bezperatik dena antolatzen jardun izan duen taldetik.
Aurten ere Baztangoa martxan zutela, Benigno nahigabean joan da... Taldeak erabaki du aurtengoarekin jarraitzea, eta bertan izango da Elizondon. Zinez eskertzekoa dugu taldearen erabakia, Benignoren omenez, egingo duten ahalegin izugarria elkartasunean eta konpromisoan oinarrituta.
Iazko Oinezak omendu zuen Benigno taldea, bere urrezko ekarpenagatik. Argazkian Benigno bera, taldearen izenean, oroigarria jasotzen Zangozan.
Adiorik ez Benigno, maitasun handiarekin gogoan zaitugu!!!