Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala, bihar
Euskal Herriko XXVII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da bihar, eta, aurtengo edizioa ere behar bezala biribiltzeko, festa handia antolatu da.
Goizeko 11:00etan ekingo zaio Eskolartekoaren bat-bateko finalari Orioko pilotalekuan. Eskolartekoak bere bidea egin du herrialde bakoitzean, eta hala aukeratu dituzte finalean ariko diren bina ordezkari. Aurten, guztira, 15-18 urteko 112 gaztetxo aritu dira, eta horietako 9 izango dira Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean:
- Arabatik, Peru Abarrategi Sarrionaindia (1997, Aramaio) eta Peru Amorrortu Barrenetxea (2000, Gasteiz).
- Bizkaitik, Txaber Altube Sarrionandia (1998, Abadiño) eta Lurdes Ondaro Mallea (1997, Munitibar).
- Gipuzkoatik, Iñigo Ibañez Aramendi (1997, Azpeitia) eta Paul Iruretagoiena Rezola (1998, Ataun).
- Lapurditik, Aitor Servier Etxexuri (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco Etxeberri (1998, Lekuine).
- Nafarroako ordezkaria Manex Mailharin Ortigosa izango da (1997, Berriozar), herrialdeko txapeldunari (Joanes Ilarregi Martzol) eta txapeldunordeari (Maddalen Lopez Tapia) ezin etorria suertatu zaienez.
Aurtengo edizioan ez da Zuberoako eta Nafarroa Behereko ordezkaririk izango.
Saioa Maialen Lujanbiok aurkeztuko du, eta, bukaeran, Sustrai Colinak jantziko dio txapela nagusitzen denari. Eskolartekoa galtza motzetan ezagutu zueneko garaiak gogoan ditu Sustraik, eta esan digunez gogotsu dago Orion Euskal Herriko bertsolari gazteak entzuteko: "Etorkizuneko bertsolariak entzutera doa jendea, baina gaur egunekoak entzutera nator ni. Transmisioa eta bat-bateko bertsoa beti dira orain eta hemen". Sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo den Negulekua izango da; Euskal Herriko finalista guztiek egonaldia dohainik izango dute.
Eskolarteko txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan dira. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.
Egun osorako egitaraua, prest
Eskolartekoaren finala amaituta, 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean, produktu ekologikoak izango dira oinarri.
Bazkalostean, Lujanbio eta Colina plazako oholtzan ariko dira librean. Ondoren, Keshala eta Bi Bala musika taldeek joko dute. Bi musika taldeetako partaideek ere ondo ezagutzen dute Eskolartekoa. Keshala taldeko Malen Amenabar, Kattalin Barcena, Leire Amenabar eta Arrate Gazteluk gaztetxotan kantatu izan dute Eskolartekoan, eta sortzen den giroa gustuko dutela nabarmendu digute: "Bertso, errima, kantu, dantza, festa… sekretu bakoitza ezagutzeko tokia da". Bi Bala taldeko Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga ere tiro ederrak botatakoak dira Eskolartekoan, eta euren zigilua den trajea okasio honetarako janzteak mereziko duela esan digu Gurrutxagak: "Sortu, entzun eta gozatu; lagun zaharrekin bildu eta berriak egin... Dena Orion, ba al da leku hoberik?”.
Bat-bateko finala ikusgai izango da www.bertsoa.eus webgunean.
Antolatzaile eta laguntzaileak
Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.
Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko, beren laguntza eskaini duten erakundeak hauek izan dira: Orioko Udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza