Nafarroa Oinez-en bideoklipa aurkeztu dute

Josune Ortegak, Baztan Ikastolako zuzendariak, eta Fernando Anbustegik, bideokliparen koordinatzaileak, aurtengo Nafarroa Oinez-erako kantua eta bideoklipa aurkeztu dituzte gaur goizean Iruñean, Sanferminetarako prestaturiko Oinez Txokoaren berri ematearekin batera. Nafarroako Ikastolen Elkarteko Josu Reparaz haiei laguntzen izan da aurkezpenean.

Baztan Ikastolako bi ikasle ohik sortu dituzte melodia eta hitzak: Iñigo Beltzunegi Iturria-k kantuaren melodia egin du eta Jon Barberenak hitzak.

Melodiari dagokionez, irlandar tradizioan erabiltzen diren musika tresnekin egindako kantua da, bat-batean eta noizbehinka reggae-a eta soinu jamaikar tropikalak agertzen badira ere. Kantuaren grabaketan honetarako espresuki elkartutako 7 musikarik eta 3 abeslarik parte hartu dute, gehienak baztandarrak. Errepikak edo koroak Baztan Ikastolako ikasleek eta Elizondoko Koro Ttikiko haurrek egin dituzte.

Gidoia prestatu, grabatu eta editatzeko lanetan taldetxo bat aritu da eta aktore lanetan Baztan Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoez gain, oro har Baztango herri guztietako jende aunitzek parte hartu du. Auzolanean aritu dira, Baztanen lan ohitura horrek duen garrantziaren erakusgarri.

“Hama…bortz, Ama…bat” aurtengo Oinezen leloak eman dio izenburua kantari eta letrak eta bideokliparen grabaketak ere oinarritzat hartu dute. Baztango hamabortz herriak erakutsi nahi izan dituzte bideoklipean, bat bertzearekin lotuz, hamabortzek bat osatzen dutela adieraziz. Baztango hamabortz herriak agertzen dira bat bertzearen segida gisa, bat direla irudikatu nahian; tartean, kantuan parte hartu duten musikari eta abeslariak eta baita Baztango irudi zoragarriak ere.

KANTUAREN GRABAKETAKO PARTAIDEAK:

Fernando Leiza – Bateria

Ritxi Garrido – Baxua

Itziar Torres – Txirula eta koroak

Patxi Larralde – Txirula

Fredi Pelaez – Hammon organoa eta akordeoia

Sebastian Othaburu – Biolina

Leire Onsalo – Ahotsa eta koroak

Pantxo Etxebere Pottoka – Ahotsa eta koroak

Iñigo Belzunegi Iturria – Gitarra akustikoa, elektrikoa, ahotsa eta koroak

Baztan Ikastolako haurrak – Koroak

Elizondoko Koro Ttikia – Koroak

Nafarroa Oinezeko bideoklipa aurkezteko agerraldia