50. urteurrena ospatu du Betiko Ikastolak
2015. urtean 50 urte bete dira Betiko Ikastola sortu zenetik, eta ospatzea merezi duen urteurrena izaki, oroitzapen-ekitaldi bat antolatu zuten Maiatzaren 15ean, Leioako Kultur Etxean. ikastola sortzea eta bizirik irautea lortu zutenei haien ahalegina aitortzeko eta baita urte guzti hauetan zehar hainbat pertsona eta erakunderen partetik jaso duten laguntza eta babesa eskertzeko ere.
Betiko Ikastola lehen aldiz 1965ean jaio zen, Gobela izenarekin, Hamaika familia temati, langile eta ausart izan ziren erronka hari heldu ziotenak: Aretxabaleta-Garabieta, Arkarazo-Diez, Arrutia-Gerrikagoitia, Atutxa-Eguzkiza, Basterretxea-Maruri, Hervas-Goitia, Garamendi-Uribe, Hormaza-Billelabeitia, Manzanos-Basabe, San Cristobal-Velasco eta Zabidea-Barcena familiak izan ziren. Lehendabizi etxe partikularretan irakasle batekin, gero Erromoko elizaren behealdean ibili ziren. 1968an legalizazioa lortu zuten, eta Gobela kaleko txalet batera aldatu ziren, alokairuan. 1971n OHO indarrean sartu zen, eta Gobela ikastola San Nikolas ikastolaren filial bihurtu zen. Sasoi hartan OHOko laugarren mailara arteko hezkuntza ematen zuen. Gero eta ikasle gehiagorekin, 1980an Artatzako eraikinera aldatu eta OHO osoa ematen hasi ziren Gobela Ikastolan.
1993an publifikazio prozesua etorri zen, eta Gobela ikastola bitan banatu zen: batetik, Gobela ikastola eskola publiko bihurtu zen, eta bestetik, Betiko Ikastola sortu zen, Ikastola Bizirik taldearen ekinari eta lanari esker lehengo bideari eutsi ziona kooperatiba gisa, lehengo eraikinean baina izen berriarekin.
Bigarren jaiotza honen osteko urteak gogorrak izan ziren: 150 ikasle zeuden, 8 irakasle eta 14 langile. Oso ondo gogoratzen dituzte oraindik irakasleek garai hartako matrikulazio urriaren bihotz esturak. Hala ere, halakoetan gertatu ohi den bezala, larritasunak alde on asko ere izan zituen: familia handi bat ziren, gutxi baino oso batua, eta prest eta gogotsu beren proiektua mila modu irudimentsuz aurrera eramateko.
Gauzak forma hartuz joan ziren. Haurtzaindegia sortu zen, Haur Hezkuntzako 1. zikloa ezarri zen Hezkuntza Proiektua osatzeko. 1997an Betiko Ikastolak plazara irten beharra ikusi zuen, eta Ibilaldia antolatu zuen bere burua ezagutzera emateko. 2001ean matrikulazioa gora egiten hasi zen. 2004an 300 ikasle zeuden, eta urte horretan, Betiko Ikastolak muskulua berriro flexionatu eta Ibilaldia berriz antolatzeko erronkari heldu zion, Ander Deuna ikastolarekin batera.
Betiko Ikastola indartsu zegoen, eta bide onean: eraikina handitu behar izan zen, eta frontoia ere eraiki zen. Hezkuntzari dagokionez, Ikastolen Elkarteko Proiektu aurrerakoiak jarri zituen martxan: atzerriko hizkuntzan Eleanitz Proiektua 4 urtetik aurrera, Urtxintxa, Txanela, Ostadar eta gaur egun EKI. Jarduera propioak ere bai, hala nola Gau Literarioa, Inauterien ospakizuna, Pirritx eta Porrotxen emanaldiak... 2015 urte honetan ikastolak 50 urte bete ditu, eta ia 600 ikasle dauzka. Horra halako lan itzelaren emaitza. Harrotzeko modukoa.
Urtemugaren ekitaldian Ikastolaren bai lehenengo zein bigarren jaiotzaren protagonistak omendu zituen Ikastolak, eta guztiz hunkigarria gertatu zen saioan zehar ikasle eta ikasle ohien parte hartze zabala izan zen. Horrela Alaia Hernaiz eta Egoitz Perez txalapartariek eman zioten hasiera saioari, ondoren Ana Morales aurkezleak ikastolaren historiari errepaso goxo eta txukuna eman zion. Nahia del Moral eta Aimar Gonzalez de Mendibil dantzariek ohorezko agurra egin ondoren gaur egungo ikasleek garai bateko ikasle ohi Arrate Illaro eta Nahikari Ayorekin bertso saiotxo paregabe eta hunkigarria eskaini zuten. Gero gaur egungo gure ikasle talde batek Xalbadorren heriotzean abesti eta dantza interpretazio paregabe bat eskaini zuten, eta, azkenik, ikastolako ikaslez osatutako orkestra txiki batek Euskaraz bizi nahi dut abestia eskaini zuten Unai Perezen zuzendaritzapean. Hortik aurrera emozioa are gehiago gehitu zen, batetik Ikastolaren bi jaiotzen protagonistek haien bizipenak azaldu zituztelako bideo baten laguntzarekin, eta, bestetik, ikastola sortzea eta bizirik irautea lortu zutenei egindako oroigarri banaketarekin. Azkenik, Koldo Tellituk guztiei haien lanaren eta ibilbide emankorraren errekonozimendua egin zien Betiko Ikastolaren eta Ikastolen Elkartearen izenean.