IKTak jakintzaren mesedetan

Irakaskuntza eta ikasketa prozesu eta metodologietan IKTek dakartzaten abantailei eta erronkei helduko die aurtengo Euskarabilduak, azpimarra berezia jarriz hizkuntzen irakaskuntzan eta hiri hezitzailean. Gainera, aurten Euskarabildua jardunaldiek berrikuntza nabarmena ekarriko dute, arratsaldean gaiari buruzko talde dinamikak antolatu baitira.

Iametza Interaktiboak, Argiak eta Ametzagaiña taldeak antolatutako jardunaldiaren hirugarren edizioa azaroaren 6an izango da Donostiako San Telmo Museoan. Aurreko bi edizioetan Koldo Mitxelenan egin ziren, baina talde dinamiketarako leku egokiago baten bilaketak jardunaldiak San Telmo Museora eramatea eragin die antolatzaileei.

Teknologia Berriek beste hainbat esparrutan bezala, eragin nabarmena izan dute baita ere hezkuntzan. Hala ere, sarritan gailu teknologikoen ikusgarritasun hutsaren ikuspuntutik begiratu ohi dugu eszenategia, gure haur, gazte eta helduak makinen morroi bihurtuz. Irakaskuntza prozesuek hori baino gehiago izan behar dute, metodologiari eta moduei buruz ere hitz egin behar da. Azken finean IKTak hezkuntzaren mesedetan eta menpeko erabili behar dira eta ez alderantziz.

Edizio honetan, atal berezia izango du hizkuntzen irakaskuntzak, bereziki interesgarriak baitira euskararen irakaskuntzak izan ditzakeen aukerak. Gizartea eta lan arloa gero eta eleanitzagoak diren aro honetan, hizkuntzen irakaskuntza moda bat baino gehiago behar erreala da eta hizkuntzen irakaskuntza horretan tresna teknologikoak txertatzea, beharra baino urgentzia bilakatu da.

Azkenik, jardunaldi hauetan hezkuntzaren dimentsio berri eta oraindik ezezagun bati arreta berezia jarriko zaio, hiri hezitzailea. Hezkuntza prozesuak ez dira eskolen hormen artean ematen diren prozesu itxiak, gizarte, instituzio eta eragile desberdinen artean aberastu daitezkeen prozesuak baizik eta IKTek ere horretan zeresan nabarmena izan dezakete.

Hizlari ezagunak Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak

Pasa den urtean bezala, Euskal Herriko esperientzia eredugarrien berri izateaz gain, kanpoko hainbat adituren hitzaldiak entzuteko aukera izango da.

Aurtengo edizioan izango dira, besteak beste, Maite Goñi, Mondragon Unibertsitateko eta Jakintza Ikastolako irakaslea eta IKT gaietan aditua; Belen Maiza, Ordiziako Udaleko Kultura, Ongizate eta Migrazio sailetako zinegotzia; Antoni Marin Amatller eta Laia Coma, UOCeko eta Unibersitat de Barcelonako irakasleak hurrenez hurren; eta Mª Neus Lorenzo Kataluniako Generalitat-eko Hizkuntza Zerbitzuko arduraduna.

Horiez gain, Iametza Interaktiboko Iker Olkoz eta Asier Iturralde eta DeustoTech-eko Mari Luz Guenaga izango dira euren esperientzien berri ematen.

Aurtengo berrikuntza: talde dinamikak

Aurten, lehen aldiz, arratsaldera luzatuko da Euskarabildua. Goizeko ponentzia, mahai-inguru eta erakustaldietan aurkeztatukoaren inguruan gogoeta egiteko gunea eskainiko du Euskarabilduak. Hala, arratsaldeko saioan, World Cafe formatuan, beste parte-hartzaileekin solasean aritzeko aukera izango dute izena ematen dutenek. Saio horretan aritzeko bi gaien artean aukeratu ahal izango da: IKTak hizkuntzen irakaskuntzan eta IKTak eta hiri hezitzailea.

Gomendagarria izena ematea

Plaza kopurua kontrolatu ahal izateko parte hartu nahi dutenek aurrez izena ematea gomendatzen da. Izena ematea guztiz doakoa da www.euskarabildua.eus webgunean.

Iametza Interaktiboak, Argiak eta Ametzagaiña taldeak antolatutako jardunaldiak dira, eta Ikastolen Elkartea laguntzailea da ekimen honetan.

Euskarabildua