“Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi” komiki albuma

“Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi” komiki albuma aurkeztu dute, gaur, Unai Iturriagak eta Alex Sanvik, Donostiako Elkar liburu dendaren Komiki Txokoan. Ikastolen Elkartearen babespean argitaratzen den Xabiroi komiki aldizkariaren hamaseigarren komiki bilduma da berau, eta aurkezpenean izan dira, baita ere, aldizkariko zuzendari Dani Fano eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu.

Aimek (aita eta amek) Haurren Hiria hankapean hartu eta ihes egin behar izan dute Haur Besoetakoak eta Lo-Li-Tak. Itsasora egin dute jauzi, haragoko ertzen batean askatasuna eta bizimodu hobea aurkituko dituztelakoan. Doazen lekura doazela, ordea, txakurrak ortozik. Haur Besoetakoak eta Lo-Li-Tak ez dakiten arren, Aimassad (Aimen zerbitzu sekretuak) gainean izango dute uneoro munduan barna egingo duten oztopoz beteriko bidaian. Askatasuna garesti dago nonahi, esperantza izpiak ere bai, baina Orhiko xoriak Orhira nahi. Partitzea zaila bada, itzultzea ez da samurragoa izango, itsasoan urak handi baitira.

Horixe da albumaren sinopsia. Xabiroi aldizkarian aldiro kaleratutako ataletatik bildumara egin du jauzi hirugarrenez Haur Besoetakoak. Aurretik argitaratu dira, Haur Besoetakoa eta Haur Besoetakoa. Paristik datorren artista bidumak, 2014 eta 2018. urteetan.

Helduen munduak The Godfather (Aitajauna) duen moduan du haurren munduak Haur Besoetakoa, litxarrerien eta bideo-jokoen merkatu klandestinoaren nagusia. Irakurleak begien aurrean duen munduan legez, handinahikeria, boterea eta ustelkeria nahasten dira haurren mundu honetan ere, non helduak ez diren ugalketarako eta zerbitzurako izaki huts besterik.

Erreferentzia zinematografiko eta literarioz beteriko haurren unibertso honetatik, Haur Besoetakoak eta bere alter ego Lo-Li-Tak, errefusatu ezinezko eskaintza egingo dizuete.  Lehenengo bi bildumetan hiri itxi batean kokatutako istorioak agertu badira, oraingoan mundu zabalera jauzi egingo dute HBk eta Lo-Li-Tak. Hirugarren honetan, Irla, Hiripolis, Basamortua, Pentagonoa, Klubako Iraultza, ezagutuko dituzte, eta abenturaz zipriztinduko dituzte orrialdeak.

Iturriaga eta Sanvi pozik dira emaitzarekin. “Poz handiagoa dugu, hirugarren bilduma dugulako”, azaldu dutenez. “Haur hauek ez dira istorioetan hazten, baina istorioz istorio, bilduma hazi egin da”. 2007. urtea zen, HBren lehen irudiak argitaratu zirenean. “Ez genekien iraungo zuen, elkar ere ez genuen ezagutzen, posta elektronikoz soilik”, aitortu dute. Eta urteotan guztiotan iraun du, bigarren bilduma aurkeztu zutenean, Iturriagak amaiera izango zela uste izan zuen arren. “Bidean nentorrela, ez nekien aurkezpen batera edo ehorzketa batera nindoan”, azaldu du, orduko krisiaz mintzatzerakoan.

Krisitik askatasunera

Baina iraun zuten pertsonaiek, eta iraun du sortzaileon elkarlanak ere. Istorioak jarraitzeko bidea topatu zuten, eta hirugarren hau, askeago eta abentura gehiagorekin dator, komedia korrosiboari eta kritikari eutsiz, eta irakurketa maila desberdin eta anitz gordez. Euskal komikigintzaren Asterix eta Obelix bilakatu direla uste du Dani Fanok, eta halaxe esan du aurkezpenean; HB eta Lo-Li-Ta, Xabiroi aldizkaritik harago, pertsonaia mitiko bilakatu direla.

Iturriagak eta Sanvik Xabiroi aldizkariari eskerrak eman dizkiote, urteotan eskainitako talaiarengatik. “Oso zaila da euskaraz komikiak argitaratzea, are zailago duintasunez argitaratzea. Xabiroik hori eskaini digu, eta gu, oso eroso egoteaz gainera, eskertuta ere bagaude”

Xabiroi aldizkariak batu dituen izatezko bikote harrigarritzat” jo ditu, berriz, Tellituk, Iturriaga eta Sanvi. “Euskal komikigintzako sortzaile handi bi”. Eta horiek bezala, HB eta Lo-li-ta. “Pertsonaia harrigarri, bihurri, nekaezinak. Helduen munduaren aurkako borrokalari sutsuak. Abenturaz abentura, gure bihotzak irabazi dituen bikote maitagarria”.

Tellituk aitortu du Ikastolen Elkartean oso pozik eta harro daudela Xabiroi komikiarekin, urteotan egindako lanarekin, aldizkariarekin eta urterik urte argitaratu dituen albumekin.. “Euskarazko komikigintzan zegoen hutsune handi bat betetzeko iritsi zen Xabiroi. Gure eskutik iritsi zen, eta Dani Fano handiaren gidaritzapean, hastapenean jarritako helburuak bete ez ezik, gainditu egin ditu Xabiroik, eta gaur egun euskal komikigintzaren erreferente nagusi da, eta euskal komikigile askoren topaleku”.

Hamabi egile Getxon

Getxoko Komiki Azoka egingo da asteburu honetan, eta bilduma honekin batera beste egile askoren lanak ere eramango ditu Xabiroi aldizkariak bere mahaietara. “Guztira hamabi egile joango dira gure eskutik Getxora; beste inork baino gehiago. Euskal komikigintzako egile eta sortzaileen topaleku izaten jarraitu nahi dugu, haien arteko elkarlana sustatu, eta kalitate handiko lanak eskaini”, azaldu du Fanok.