Embryo proiektuak STEAM zigillua eskuratu du

Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika arloak (STEAM, ingelesezko sigletan) ikasgeletan lantzeko Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak garatutako Embryio proiektua STEAM Euskadi sarien finalista izan da eta STEAM zigilua lortu du (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan antolatua). Gaur egin den ekitaldian jaso du zigilua Embryo proiektuak

Fabrikazio prozesuak ikasleei hurbildu eta haiekiko interesa piztea helburu duen proiektua da Embryo.  Xede horretarako gure gazteek teknologiak dituen erronken berri izan behar dute eta gure enpresetan erabilitako fabrikazio prozesuak gertutik ezagutu behar dituzte. Europako Batasunak estrategikotzat du xede hori, eta testuinguru horretan kokatzen da Embryo ere.

Embryo ekimena Euskal herriko Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean garatu dute, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleentzako diseinatu da. Ekimenean Alemaniako Darmstadt Unibertsitateak eta bertako zenbait ikastetxek eta Suediako Arduino enpresak ere parte hartu dute.

Kit teknologiko eta unitate didaktiko berriak

Bi ildo nagusi ditu proiektuak: fabrikazioa irakasteko kit teknologiko eta unitate didaktiko berriak sortzea, praktika bidez ikasleek kontzeptu teorikoak uler ditzaten; eta baliabide digitalak erabilita gaur egun erakargarriak ez diren makinak ezagutzea eta, aldi berean, enpresetara eginiko bisitekin beraien herrietan dauden enpresetan erabilitako fabrikazio prozesuak bistaratzea.

Euskal Herrian sektore  inportantea da fabrikazioa,  eta ikasleek dituzten aurreiritzi batzuk hobetu nahi dira proiektuaren bitartez, era erakargarri batean eta erronka bat proposatuz.

Proiektuaren bitartez Ikasleek, besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte: elementu mekanikoen funtzionamendua; lotura sistema ezberdinen printzipioak; makinen muntaia prozesuak... Bigarren kit teknologikoa erabilita ikasleek eurek diseinatutako makina bat sortu eta programatuko dute.

Sorkuntza eta esperimentazio-lana

2019-20 ikasturtean abiatu zuten proiektua. Egoeraren diagnostikoa egitearekin batera Enbryo proiektuaren lehen kit-a sortu zuten, mahai gaineko prentsa bat, eta bi ikastolatan, Orioko Herri Ikastolan eta Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolan, pilotatu zuten. Hurrengo ikasturtean, berriz, mahai gaineko prentsa kit-a hobetu eta lau ikastolatan aplikatu zen metodologia (lehenengo biez gainera, Oñatiko Txantxiku ikastolan eta Algortako San Nikolas ikastolan). Aurtengo ikasturtean, berriz, proiektua sendotu dute, ikasleen arteko elkarrekintza bideratu eta makinak sortzeko kit berri bat sortu dute ikasleen sormena sustatzeko.

Embryo proiektua hiru urtetan garatu da, eta pilotajea amaituta, berau ezarri nahi duten ikastola guztien esku jarriko da, STEAM proiektu gehiagorekin batera.