Matematika lehiaketak, arloari lotutako aurre-iritziak gainditzen lagungarri

Martxoan eta apirilean jokatu dira Frantziako rally matematikoa eta Espainiako Estatuko matematika lehiaketa. Hainbat ikastolak hartu dute parte lehiaketa hauetan. Emaitzaren xerka ibili beharrean, ordea, horrelako ekimenek arloari lotutako aurre-iritziak gainditzeko ematen duten laguntzari eta matematikarako interesa duten ikasleentzat pizgarri izateari erreparatu diote ikastolek berauetan parte hartzeko.

Horixe azpimarratu digu Maite Gomezek, Ikastolen Elkarteko Matematika alorreko ordezkariak, eta udaberrian jokatu diren bi lehiaketen nondik norakoak azaldu dizkigu.

“Frantzia osoan urtero ospatzen den lehiaketa da Rallya. Geure kasuan Akitaniako Rallyean hartu dugu parte. Aurtengo ikasturtean, lehen aldiz, lehiaketa euskaraz egiteko aukera izan denez, Seaskako ikastolak bertan parte hartzera animatu ziren eta gonbidapena egin zieten Hegoaldean kokatutako ikastolei parte hartzeko. Martxoaren 14an, Pi egunean, egin zuten lehiaketa”, azaldu digu Gomezek.

“Hasieratik, proiektua interesgarria iruditu zitzaigun”, gaineratu du, “Ipar-Hegoa lotzeko aukera eman zezakeelako”. Bernat Etxepare Lizeoko zuzendari Iban Thicoipek animatu zituen ikastolak parte hartzera, “baina izena emateko epea oso gertu zegoenez eta proiektua ezezaguna zenez guretzat, erabaki genuen Hegoaldeko lurralde bakoitzetik ikastola bana gonbidatzea parte har zezan”. Horrela, honako hauek izan ziren, azkenean, parte hartu zuten ikastolak:

Bernat Etxepare Lizeoa (Baiona)

Xalbador Kolegioa (Kanbo)

Piarres Larzabal Kolegioa (Ziburu)

Estitxu Robles Kolegioa (Baiona)

Garcés de los Fayos ikastola (Tafalla)

Txintxirri ikastola (Elorrio)

Lautada ikastola (Agurain)

Salbatore Mitxelena ikastola (Zarautz)

Lehiaketaren oinarriak ere azaldu dizkigu Maite Gomezek: “ 3. mailako (DBH3) eta 2. mailako (DBH 4) ikasleentzat antolatzen da. Taldeka egiteko proba da; gela osoak batera hartzen du parte. 12 enigma proposatzen dira, horietatik 7 aukeratu behar ditu talde bakoitzak. Enigma bakoitzak puntuazio bat du eta horietatik bat aukeratzen dute joker modura. Enigma hori ongi ebatziz gero, puntuazio bikoitza lortzen du taldeak. Enigmen izaera kontuan hartuta, lanak banatu, planifikatu, … behar dituzte ikasleek. Ordu eta erdi dute lanerako”.

Balorazio ona egin du Maite Gomezek, eta parte hartu duten ikastolak ere oso gustura geratu dira. “Ikasleak oso gustura aritu dira rallyan, eta ikastolak Akitaniako beste ikastetxeen pare ibili dira”, azaldu digu. “Gainera, proiektu nazional gisa lotu gaitzakeen ekimena izanik, positiboki baloratzen dugu lehen saiakera hau”. Rally honi balioa ematen diote ez delako buruz-buruko lehiaketa bat, baizik eta taldean egiten dutena. “Halaber, balioa ematen diogu Matematika arloan horrelako ekimen gutxi sortzen direlako eta horiek diziplinari beste balio bat ematen diotelako, arloari lotutako aurre-iritziak gainditzen lagunduz”.

Udaberriko Matematika Lehiaketa ere jokatu berri da. Lehiaketa Madrilgo Complutense Unibertsitateak antolatzen du eta Euskal Autonomia Erkidegoan EHUren babesa dauka. Aurtengoa 7. ekitaldia izan da. “Lehiaketak bi fase ditu”,  Maite Gomezek azaldu digunez: “Lehena ikastolan bertan egiten da. Hortik, bigarren fasean parte hartuko duten ikasleak aukeratzen dira. Aurten, bigarren fasea Leioan izan zen, EHU-ren Zientzia eta Teknologia fakultatean, iragan apirilaren 23an.

Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta Batxilergoko 2. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa da, 4 mailatan banatuta. Rallyan ez bezala, lehiaketa hau bakarka egitekoa da. 25 desafioz osatzen da eta lanerako ordu eta erdi izaten du ikasleak. “Bigarren fasean parte hartu duten bi ikastola sarituak izan dira, Santurtziko Bihotz Gaztea ikastola eta Oiartzungo Haurtzaro ikastola. Saria maiatzaren 20an jasoko dute.

“Frantziako Rallya bezalaxe, Udaberriko Matematika Lehiaketaren balorazioa ere positiboa izan da, matematikarako interesa duten ikasleentzat pizgarri direlako horrelako ekimenak”.