22. Korrikako unitate didaktikoa aurkeztu dugu

AEK-k eta Ikastolen Elkarteak beste behin indarrak batu ditugu eta elkarlanean 22. Korrikaren unitate didaktikoak sortu ditugu. Haur Hezkuntzatik batxilergora artekoak dira; hau da, 3 urtetik 18 urte bitarteko ikasleei zuzendua dago materiala. Garaian garaietara egokituta, aurten ere materiala osotasunean online lantzeko aukera egongo da, baita paperean deskargatzeko ere. Eta guztiak korrika.eus webgunean daude eskuragai.

Ziburuko Piarres Larzabal ikastolan egin dute aurkezpena, eta kolegioko ikasleek ere parte hartu dute. 22. Korrikarako sortutako Hitzekin kantaren koreografia dantzatu dute aurkezpenaren hasieran.

Korrikaren koordinatzaile Asier Amondok, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak elkarlana jarri dute balioan. “Nork bere aldetik duen ezagutza eta esperientzia unitate honetara ekarri dugu. Euskal Herri mailako bi erakunderen arteko elkarlana, Euskal Herri euskalduna --euskalduna hitza dimentsio osoan harturik--, egiten ahalegintzen ari garen bi erakunderena, elkarren osagarri ere bagarena. Kontziente baikara bakarka baino samurrago, eraginkorrago, egin dezakegula gure egitekoa elkarrekin”.

Orereta ikastolako irakasle Iñaki Zapirain arduratu da aurtengo ekitaldian ere unitate didaktiko hauek sortzen, eta aurkezpenean beronen xehetasunak eman ditu. AEK-k, bere aldetik, euskaltegiko ikasleei bideratutako atazak ere sortu ditu.