Eskola itzulera

Ia bi urte dira Covid19aren ondorioz ezarritako neurri eta protokoloek gure komunitatea ukitu zutela. Nabaria da nekea gure ikasle, langile eta gurasoengan. Horregatik, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiogu gure komunitate guztiari egiten ari den ahaleginarengatik, eta elkartasuna adierazi nahi diogu egoera honek emozionalki izugarri eragin duelako.
Ikastoletan eta hezkuntza eremu osoan bizitzen ari garen egoera dela-eta, hainbat aipamen eta eskaera egin nahi dizkiegu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduari eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari.
- Ikastolaren jarduna pedagogikoa da. Salbuespenezko egoeratan salbuespenezko neurriak har ditzakegu, baina dagokigun erantzukizunaren baitan.
- Covid 19a gure artean dagoenetik, Ikastoletako zuzendaritzek, ikastola bakoitzeko COVID arduradunarekin batera, hartu dute kasuen kudeaketaren ardura, honek ikastoletako egunerokoan izan duen eraginarekin. Zuzendaritza taldeek haiei dagozkien ardura batzuk alde batera utzi behar izan dituzte Hezkuntza sailetatik datozen protokoloei aurre egiteko. Eta hala erabaki dugu, arduraz jokatu nahi izan dugulako.
- Ikasturtea hasi denetik, biderkatzen ari dira COVID kasuak gure ikasleen artean, eta egoeraren kudeaketa geroz eta zailagoa egiten ari zaigu. Inpotentziaz eta nekez bizitzen ari gara ematen ari diren hainbat egoera eta ez dagozkigun ardurak hartzen ari gara gure gain azkenaldian Osasun sailetik erantzun eraginkorrik ez dugulako jasotzen. Aste honetan pandemia kudeatzeko irizpideetan izandako aldaketek eta Osasun eta Hezkuntza Sailen arteko irizpide-desberdintasunek ez dute lana erraztu. Ikastolok protokoloen zehaztapenaren beharra dugu.
- Behin ikasleak etxeratuta, familiek adierazi digute osasun sailetatik ez direla beraiekin harremanetan jartzen ari edo oso berandu ari direla. Ondorioz, gure familiengan egoera oso gogorrak sortzen ari dira. Egonezina hazten ari da etxe askotan. Guraso ugarik, lan egoera dela eta, umeak etxean bakarrik edo aiton amonekin utzi behar dituzte. Egoera bidegabea bizitzen ari dira gure ikasle, guraso eta langileak.
- Nafar Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egoera hau kudeatzeko baliabide gehiago jarri behar dituztela garbi dugu; beren garaian jarri zituztenak ez dira nahikoak une honetan, eta ikasturte osoan zehar ere hala izango da. Ondorioz, baliabide gehiago behar dira egoera jasanezina gainditu nahi bada.
- Ez gaude prest guri ez dagozkigun ardurak hartzeko, batez ere horretarako prestatuak ez gaudelako. Izan ere, gure komunitatea gidatzen duten langile zein familiak ez baitira osasun arduradunak. Bidelagun izateko prest gaude, baina bakoitzak bere ardurei heldu behar die.
- Ikastoletan garbi dugu ez ditugula gure familiak abandonatuko eta behar dutenean laguntzeko gaudela eta egongo garela. Baina Gobernu desberdinetako osasun arduradunei dagokie osasun irizpideen baitako erabaki guztiak kudeatzea.
- Askotan azpimarratu dugu aisialdiak gure ikasleen ongizate fisiko eta emozionalean duen garrantzia. Eskola Kirolak ekimen moduan, zein beste edozein kirol eta arte adierazpide desberdinek, ikasleen garapenean duten garrantzia azpimarratzen dugu. Ikasleak ikasgeletara itzuliko dira, baina eskola kirolaren asteburuetako jarduna EAEko hiru lurraldeetan bertan behera gelditu da. Entrenatzeko aukera izango dute, baina adin jakin batzuetatik aurrera denok dakigu zein garrantzitsua den asteburuko jarduera. Neurri honek umeak eta nerabeak kiroletik aldentzea ekar dezake, eta arrisku hori ezin dugu onartu. Orain arte asteburuko jarduna era seguru eta ordenatuan egin da, protokoloak zainduz, arduraz jokatu dugu ikastoletan. Aldiz, Administrazioek errazenera jo dute, berriro ere Eskola Kiroleko asteburuetako jardunaldia bertan behera utzi dute horrek izan ditzakeen ondorioak aintzat hartu gabe. Garapen pertsonala jokabide motorretik sustatzearen garrantziaz jabetuta gaudenez, Eusko Jaurlaritzako arduradunei dei egiten diegu eskola kirolaren inguruko gogoeta egin eta asteburuetan ere kirola egiteko aukera ematera, horretarako beharrezkoak diren baldintza eta neurriak ezarriz. Hargatik, Ikastolok kirol jarduerak seguruak izaten jarraitzeko neurriak hartuko ditugula berresten dugu, jarduerari ekiteko beharra azpimarratuta.

Laburbilduz:
- Nafar Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza arduradunei eskatzen diegu Ikastetxeetan aplikatu beharreko behin betiko protokoloak zehaztea eta ezartzea, eta ez uztea hezkuntza komunitatearen gain COVID kasuen kudeaketaren ardura.
- Eskatzen diegu behar diren baliabideak jar ditzatela eta batez ere arakatzaileen lana indartu dezatela. Horrekin batera, diagnostiko goiztiar bat ziurtatzeko eta pertsonak artatu eta jarraipena egiteko baliabideak gehitzea ere ezinbestekoa dela uste dugu.
- Umeen ongizate fisiko zein emozionalari begira, COVID 19ak, neurriek eta protokoloek, eta hauen kudeaketak ikasle eta langileengan izan duten eraginaren azterketa sakona egitea, emaitzetan oinarritutako irtenbideak proposatu ahal izateko.
- Hezkuntza komunitateak hasieratik ardura handiz jokatu du. Azpimarratu izan dugu gure ikasle, langile eta familientzat aurrez aurreko eskolak direla egokiena denon ongizatea bermatze aldera. Eta aurrez aurrekoa bermatu ezin denean behar diren baliabide guztiak jartzen ari gara gure ikasle eta familiei egoera ahalik eta xamurrena egiteko.