Adostasun historikoa euskarazko ikasteredua orokortzearen alde

Hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak EAEko hezkuntza-hitzarmenari lotuta euskararen eremuan jaso beharrekoa zehazteko ekarpena egin nahi izan dugu, eta euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa bultzatu dugu, ‘Euskaraz hezi, berdintasunean hazi’ izeneko adierazpenean jasotakoa. Adierazpena Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, Kristau Eskolak, HEIZEk, HikHasik, ELAk, LABek, Steilasek eta Kontseiluak izenpetu dugu.  

Ikastoloi oso garrantzitsua iruditzen zaigu EAEko hezkuntza sistema arautuko duen legearen eztabaidaren prozesuan, hezkuntza komunitateko gehiengo zabalak, Kontseiluaren baitan, adostasun historikoa lortu izana gure hezkuntza sistemarentzat hain garrantzitsua den gai baten inguruan. 

Pozgarria ere bada adostasuna lortu izana urteetan aldarrikatzen aritu garen zenbait elementuren inguruan. 

Gure ustez, Eusko Legebiltzarrak, legea egiterakoan, kontuan hartu beharko luke dimentsio honetako adostasun historikoa. Ezinbestekoa da hizkuntz ereduak desagertzea eta ikasle guztiak euskaldun eleaniztunak izatea bermatuko duen murgiltze eredua ezartzea ikastetxe guztietan.