‘Erdian Erein’ lelopean ospatuko da Tafallan 2022ko Nafarroa Oinez

Gaur aurkeztu da Nafarroa Oinezen hurrengo edizioa, Erdian Erein lelopean, urriaren 16an Tafallan egingo dena. Aukeratutako leloarekin, ikastola antolatzaileak eskualdean euskararen erabilera eta presentzia sendotu nahi ditu, Aritz Azkarate lehendakariak azaldu duen bezala, «gure seme-alabek euskaraz jolasteko, ikasteko, lan egiteko eta ametsak gauzatzeko aukera izan dezaten. Eta egin dezatela benetan gainerakoekiko baldintza berdinetan, eta hori eguneroko borroka bihurtu gabe».

NIEren Iruñeko egoitzan egin den ekitaldian datorren Nafarroa Oinezen logotipoa ere azaldu da.

Arte-ezkur bat laranja eta berdeen artean, Nafarroako landaren koloreak. Irudi horren bitartez, Tafallako Ikastolako zuzendari Paula Arregiren arabera, txikia den zerbait erraldoi bilakatu daitekeela adierazi nahi da.

Logotipoa Tafallako Oinez Basoari egindako keinua ere bada. 2011ko Nafarroa Oinezen inguruan sortutako proiektua da, eta ezkur txikien ereite kolektibotik abiatuta, milaka zuhaitz landatzea ahalbidetu du.

Berrogeita hamar urteko historia

Arte horiek bezala, Garces de los Fayos Ikastola ere hazi egin da proiektu gisa.

Zortzi familiaren borondatetik sortu zen eta pixkanaka sendotzen joan da, eta mende erditik gora darama horrela. «Lehen urteak gogorrak izan ziren», adierazi du Arregik, «baina gaur egun gure eremuaren euskalduntzean erreferentziazko zentroa gara».

Hala ere, oraindik badaude erantzun beharreko arazo eta beharrak. Arregiren arabera, ikastolak baliabideak behar ditu eraldaketa pedagogikoko prozesua finkatu ahal izateko. Prozesu hori dagoeneko fruituak ematen ari da, baina espazio eta ikasgelen banaketarako behar berriak sortu ditu.

Gainera, Ikastolak oraindik aurre egin behar dio 2011n Bigarren Hezkuntzako etaparako eraikin berri bat eraikitzearen ondorioz hartutako zorrari. «Bagenekien erabaki horrek zorpetze handia ekarriko zigula», adierazi du Azkaratek, «baina beharrezkoa zela uste genuen. Beraz, Nafarroa Oinez 2022 honek mailegu horiei aurre egiteko ere balioko digu».

Tafallako Ikastolako bi ordezkariek elkartasun hitzak izan dituzte Lizarrako Ikastolako hezkuntza komunitatearentzako, ikastolen azken jaia ospatzeaz arduratu dena, emaitza onarekin, oso baldintza zailetan egin badute ere. Izan ere, datorren urteko Nafarroa Oinezen aurkezpenarekin batera, aurtengoaren balantzea ere egin du Lizarra Ikastolak.

Aurtengoaren balantzea

Duela bi urte Nafarroa Oinezen prestakuntza hasi zen Lizarra Ikastolaren eskutik, urriaren 16 eta 17aren asteburura iristeko, etengabean berritzen joan behar izan duen iraupen luzeko lasterketa. Ikastolen jaiaren antolakuntzan murgilduta, ikastetxearen 50. urteurrenarekin bat zetorrela, antolatzaileek modu arduratsuan Nafarroa Oinez ospakizuna 2021era atzeratzeko erabakia hartu zuten pandemiaren ondorioz.

Bi urte gogor izan dira, neketsuak, festa geroratzeko erabaki tristea hartu zenean etorkizunak ziurgabetasuna baitzekarren. Hala ere, proiektua aurrera eramateko ilusioak, Lizarrako ikastolak Lizarraldea euskalduntzeko apustua are gehiago indartu du.

Gainera, Nafarroa Oinezen ohiko formatua aldatzeko erantzukizuna kontuan hartu zen, aurtengoan jaialdi txikiagoan eta xumeagoan eraldatuz, modu honetan hasieran ezarritako helburu ekonomikoa lortzea ezinezkoa izango zela onartu behar izan zelarik.

Oraindik goiz da zifra zehatzak ezagutzeko, baina Lizarra Ikastolak ikastetxeko etorkizuneko belaunaldiak hezi eta osatzen hasteko Haur Eskolaren Hezkuntza Proiektuarekiko ilusioa eta konpromisoa mantentzen jarraitzen du.

Nafarroa Oinez 2021 jaialdiaren ospakizuna posible izan da familiek, langileek eta Lizarra Ikastolaren komunitatea osatzen duten lagunek burututako elkarlanari esker. Bi urteotan zehar Nafarroa Oinez bizirik mantendu duten dozenaka lagunez gain, urriaren 16-17ko asteburuan 800 lan-txanda inguru bete ziren. Izan ere, kasu honetan aurtengo formatu umilak aurreko edizioetan ohikoa zen kanpoko laguntzarik gabe gauzatzeko abagunea ekarri zuen, eta jaia Ikastolak, Lizarrak eta merindadeak dituen baliabideekin asetu dira premia guztiak. Parte-hartzaile guztien lanarekin eta Lizarra Ikastolak eta Nafarroa Oinezek berezkoa dituen auzolana eta kohesioa berritu egin dira, Ikastolak Hezkuntza Proiektu gisa duen bereizgarria, eta komunitateak duen loturak indartsuago jarraitzen du aurrera, 2019an ezarritako helburuetako bat erdietsiz.

Horregatik guztiagatik, Lizarra Ikastolak oso balantze positiboa egiten du Nafarroa Oinez 2021eko jaiaren inguruan, nahiz eta xede ekonomikoa lortu ez izan, eta ikastola zale eta euskaltzaleen solidaritatea behar izaten jarraitzen dugun arren. Ikastolen festaren ospakizuna bi urte trinko eta zailen bukaera izan da, zeinaren bitartez Ikastolak azkeneko 51 urte hauetan izandako konpromisoaren sendotzearen zikloa bete baiten: Lizarraldearen euskalduntzea.