Hiriguneko gazteen artean euskara eta euskarazko kultura sustatuko duen #DAMOLAT proiektua aurkeztu dute

Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak ikerketa egin du jakiteko zein diren Bilbo Handiko gazteek euskararen eta euskarazko kulturaren inguruan dituzten iritziak, asoziazioak edo jarrerak. 2020ko urte hasieratik 2021eko udaberrira arte interbentzioak egin dira Bilboko, Portugaleteko eta Getxoko ikastetxeetan, eta bertatik ateratako materialarekin #Damolat unitate didaktikoa osatu dute Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du hasieratik, eta gaur goizean aurkeztu dute prentsa aurrean.

Bertan izan dira Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria; eta Naroa Jauregizuria Ahize-AEK-ko teknikaria, eta proiektuaren gidaria.

Unitate didaktikoaren lanketa amaitzen ari da Ikastolen Elkartea, eta datozen asteetan egingo da bere hedapena. Hori baino lehen, ordea, Barakaldoko Minas ikastetxean pilotajea egingo dute Ahize-AEK-ko teknikariek, eta azkenik, euskararen zein euskarazko kulturaren hedapenean lan egiten duten eragileen esku jarriko da doan. Hau da, irakasleen, kultur teknikarien, programatzaileen,begiraleen edo kultur elkarteetako kideen esku, besteak beste.

Ikas unitateak euskarazko kulturaren transmisiorako eta berrartikulaziorako hainbat jarraibide eta ariketa jasoko ditu, oinarri argi batekin: gazteek eurek bilatu ditzaten euskarazko euren erreferenteak. #Damolat proiektuaren berri eman dute gaur, baina unitate didaktikoaren aurkezpen ekitaldi nagusia abenduaren 2an egingo da, Barakaldon antolatuko den Igo Bolumena! jardunaldian. Arlo ugaritako profesional eta adituen parte hartzea izango da bertan, baina gazteei eurei ere ahotsa emango zaie.

Proiektuaren asmoetako bat hori izan baita hasieratik: euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioan gazteek aktiboki parte hartu dezaten. Jardunaldiok Ahize-AEK-k antolatu ditu, honako erakundeen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Barakaldoko Udala. Datozen asteetan emango da jardunaldi horien berri zehatza.