'Sasi artean Elgeta', Xabiroi bildumaren azken uzta

Jazinto Rivas ‘Elgeta’ trikitalari maisu handia ekarri du Xabiroi komiki aldizkariak bere bildumara. 2018tik aldizkarian atalka argitaratua, liburu batean bildu ditugu guztiak. Gaur aurkeztu dugu, Donostian, ‘Sasi artean Elgeta’ komiki liburua, Elkar liburu-dendaren komiki txokoan, eta bertan izan dira egileak eta Ikastolen Elkarteko eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko ordezkariak.

“Elgetari buruz gehiago da ez dakiguna, dakiguna baino”, aitortu du Koldo Izagirre idazleak, komikiaren gidoigileak.  Elgetari buruz dakiguna, hein handi batean, Koldo Izagirre berari zor diogu, berak idatzi baitzuen 2001ean Trikitixa Elkarteak sortutako Soinuaren Liburutegia bildumarako ‘Elegeta, sasiaren sustraiak’ liburua. Liburu horretatik tiraka iritsi da komikia, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak trikitiaren ezagutzan eta transmisioan pauso bat harago emateko nahia izan baitzen Elgetaren bizitza marrazkietara eramatea.

Komikira eramateko, berriz, Xabiroi komiki aldizkariaren zuzendariarekin, Dani Fanorekin, jarri ziren harremanetan, eta ideia garatu eta elkarlana abiatzeko Ikastolen Elkartearekin. Gidoigilea, noski, berehala aukeratu zuten. Dani Fanok, berriz, proiektua berehala egin zuen bere, eta Elgetaren marrazkigile bihurtu zen. Elkarlana, lotzeko, azkenik, Ekaitz Agirre ‘Garluk’ koloristarekin jarri ziren harremanetan. Horrela osatu zuten Izagirre-Fano-Garluk hirukotea.

Trikitilarien artean mitikorik bada, huraxe Jazinto Rivas da. Ezagutu zuten trikitilariek eta ezagutu ez zutenek oraindik erreferentziatzat duten artista. Euskal Herrian ezagun izan diren trikitilari askoren maisu izan zen. Txikitan adopzioan hartutako umea, bere guraso ordeek emandako izena alboratu eta ama zenak jarritakoa hartu zuen gaztetan. Trikiti jole aparta ei zen, eta baserriz baserri haietako seme-alabei trikitia jotzen irakasle ibili zen. Beste lan batzuetan jardun bazuen ere, musikatik bizitzea hautatu zuen. “Sozialista zen, garai haietan kasik komunista izatea zen hori. Formakuntza ateoa zeukan; liburu irakurle suharra zen. Beti purua ahoan, baina ez zuen edaten”, Izagirrek azaldu duenez. “Larre motzean hezitakoa izan zen. Oso goxoa umeekin, baina diziplina handikoa soinuarekin”. Gerra garaian gudari talde batean aritutakoa, eta kartzela ere ezagututakoa. “Gerra ostean, kartzelatik atera, eta lagunak hilak, kartzelan edota ihes eginda zituela… uko egin zion sistemari. Mendiko bohemio bat egin zen, ikusi batean dirudiena baino erabaki politikoagoa”. Zentzu horretan, Txirritaren antza zuela esan du Izagirrek: “Musika jo, irakatsi, transmititu… eta noizean behin igeltsero lanetan jardun. Baina nahiago izan zuen musikatik bizi. Lehenbiziko trikitilari profesionala izan zen”. Heriotza, berriz, tragikoa izan zuen, bakardadean, Tolosako miserikordian, Iurramendin, hil zen bakar-bakarrik.

Hari buruz gutxi dakigun arren, hori ez da traba izan; aitzitik, “mahuka” izan dela adierazi du Izagirrek: “Elgetaren mitoa elikatu du horrek, ahoz aho iritsi zaigun kontakizuna. Guri, berriz, espazio zabal eta aske bat eman digu imajinaziorako”.

Lan emankorra egindakoa eta diziplina ugari landu dituena da Altzako idazlea. Hainbat eleberri, narrazio liburu eta poesia liburu idatziak ditu, berdin kronika eta saiakera liburuak ere, eta itzulpengintza lan mardula egin du. Gidoigintzan ere aritu izan da. Eta guztiarekin, aitortu du oso zaila egin zaiola komikigintzan jardutea. “Ez nekien komikia idazten, eta ikastaro handi bat izan da hasieratik bukaeraraino; idatzitakoa kimatzen aritu behar izan dugu, garrantzitsuena soilik utzi arte”. Eta izerdi asko bota duen arren –“ez dut uste nik idatzitakoari zuzenketarik egin gabe orrialde bakar bat ere dagoenik” –, gozatu ere ikaragarri gozatu duela aitortu du: “Idatzitakoa marraztuta igortzen zidatenean, gozamen hutsa izan da”.

Erronka handia

“Erronka handia zen marrazki aldetik eta testu aldetik. Mami asko sartzera joan gara, baina 46 orrialdetan, biografia moduko kontakizunetan 80 orrialde baino gehiagoko albumak sortu ohi direnean. Horrek irakurlea beretik jartzera behartuko du, dauden elipsiak bete beharko ditu. Finean, hori da komikizalea gehien erakartzen duena, eta lan honetan elipsiak oso handiak dira”, adierazi du Fanok.

Talde lan batean aritzean, batek egiten duena hartuta, hura gorago eramaten ahalegintzen da hurrengoa. Eta horrela jardun dutela esan du Xabiroi komikiaren zuzendariak; “Koldok idatzitakoa pixka bat gorago eramaten ahalegindu naiz”. Garluken lana ere goraipatu du Fanok: “Lehen aldia zen kolorista batekin lan egiten nuela, eta kolorista on batekin lan egitea egokitu zait; berari esker ikasi dut ez dela marrazkia koloreztatu behar, baizik eta istorioa, eta narrazioari eta giroari lagundu behar diela: emaitza begi bistakoa da”.  

Lan honetan dokumentazio lan handi bat egoteaz gain, Eibar eta inguruetako garaiko euskara ere aintzat hartu dute. Horretarako Eibarko Badihardugu elkartearekin jarri ziren harremanetan, eta Asier Sarasua eta Aintzane Agirrebeña izan dituzte bidelagun, 36ko gerraren aurretik erabiltzen ziren hitz eta esamoldeak ekartzerako orduan. Eibarko euskerie “txukun” jasotzen ahalegindu dira, “dialektala baina estandarra”, eta horrek kontakizunari sinesgarritasuna ematen lagundu diola uste dute.

Ikastolen Elkartetik Koldo Tellitu lehendakaria izan da aurkezpenean, eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik ere bere lehendakaria, Agurtzane Elustondo. Biek azpimarratu dute elkarlana eta elkarlan horren funtsa euskal kulturaren, kasu honetan trikitiaren, ezagutzan, transmisioan eta hedapenean.