Assa ikastolari egokitu zaio Tanta txartelen 60.000 euroko saria

Elkartasunak saria du. Ikastolen TANTA txartelen bitartez erakutsitako elkartasunak 60.000 euroko saria eman dio Lapuebla de Labarkako Assa ikastolari. Komunitateko kideen artean (irakasle, langile eta gurasoak) banatzeaz gainera, ikastolak beretzat ere hartu zituen hainbat txartel eta horietako bat izan da TANTAren zozketaren irabazlea.

Iragan ekainaren 25ean egin zen zozketa notario aurrean, eta 46.845 zenbakia irten zen 60.000 euroko sariaren irabazlea. Gaur jaso du, berriz, sari hori Assa ikastolak. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eman die ikastolako ordezkariei, Maria Fuentes eta Idoia Murori, Arabar Errioxako ikastola horretan bertan.

TANTA ikastolen aldeko elkartasun adierazpen txartela da. Herritarrek bost euroko ekarpena eginez eskuratu dezakete txartel bakoitza. Ikastolen jaien ekimenez sortu zen 2019ko azaroan, eta ikastola guztien egitasmoa da. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartzen dute ekimenean. Guztiak ari dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean.

TANTA txartelak erosiz, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak. Ikastolek, berriz, herritarren elkartasun adierazpen hau saritu egin nahi dute. Horregatik, TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartzen dute.

Beste ekimen ugarirentzat bezala, ez dira azken bi urteok oparoak izan guretzat ere. TANTA txartelak gizarteratzen hasi orduko kolpatu zuen pandemiak iaz, eta aurten ere antzera gertatu da. Ondorioz, ezin izan dira herritarren artean behar beste zabaldu gure txartelak. Halere, ikastolen komunitatean oso harrera ona izan du ekimenak, eta horri esker, nolako urteak izan diren aintzat hartuta, arrakastatsua izaten ari dela azpimarratu behar dugu.