Testuinguru zailean ere, Ikastolen hezkuntza komunitateak lan akordioa egitea lortu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako

Atzo, ekainaren 8an, Ikastolen Etxean egindako azken bileraren ostean, izenpetu genuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako 2020 eta 2021eko Lan Akordioa. Ikastolen Elkartearen eta gehiengo sindikalaren (LAB) artean lortu da akordioa, ia ikasturte osoan zehar negoziatzen aritu ostean.

2020 eta 2021 urteetan bizi izan den egoera ez da inoiz ezagutu irakaskuntzan, eta ondorioz pandemiak sortutako egoerak eragin zuzena izan du ikastoletan.

Testuinguru makur horretan, beste hezkuntza sektoreetan ez bezala, ikastoletako hezkuntza komunitatearen elkartasun ahalegin bati esker, ikastola guztietan Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteen eraginak ekidin ziren: gehienetan ez zirelako aplikatu, eta aplikatu zirenetan ikastolek beraiek lansariak osatu zituztelako.

Salbuespen eta alarma egoera horri, zoritxarrez, jaiotza-tasaren jaitsiera ere gehitu behar diogu. Dena dela, matrikulazioari ondo eutsi zaio ikastoletan baina horrek ez du eragotzi gela batzuen galera zenbait ikastolatan. Hala ere, lanpostu guztiak mantentzea lortu da hurrengo ikasturterako.

Hainbat puntu adostu dira akordioan, eta horietatik bost nabarmendu nahi ditugu:

  • Batetik, lansariei dagokienez %2ko igoera adostu da 2020. urterako. 2021. urteari dagokionean, berriz, %1,4ko igoera orokorra eta lansari baxuagoa duten kategorietan %1,75ekoa adostu dute, feminizatuenak dauden lanpostuetan hain zuzen ere.
  • Langileen kudeaketan nazio ikuspegia gehitu da, langileen birkokatze, kontratazio eta lekualdatze prozeduretan Euskal Herriko ikastola guztiak aintzat hartuz.
  • Beste sektoreetan ez bezala, DBHko lehen zikloko maisu/maistren eta lizentziatuen soldata parekatzea adostu da.
  • Genero diskriminaziori eta indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak indartzea adostu da, eta faltan diren ikastoletan berdintasun planak ezartzeko prozedurak ere zehaztu dira. Horri lotuta, pauso esanguratsu bat eman da, jaiotze edo adopzio kasuetarako bi gurasoen baimena berdinduz: 16 aste + 2 aste gehiago.
  • Lanaldietan urteko ordu lektiboen jaitsiera adostu da HH eta LHko tutore direnentzako. Gutxitze honekin tutoreek ikasleen banan-banako jarraipena indartzeko urrats gehigarria egin nahi da.

Euskal Herriko hezkuntza proiektuari begira lanean diharduten langileen lan baldintza onenak nahi ditugu eta hori lortzeko, ezinbestekoa zaigu Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa. Eta ildo horretan, orain arte egin dugun moduan, interpelaziorako bidea irekita mantenduko dugu Eusko Jaurlaritzarekin.

Unerik zailenetako batean, dugun onena ateratzeko gai izan gara Ikastolen komunitatea, eta hori azpimarratu nahi dugu bestelako eredu batzuk nagusi diren garaiotan.