BIHAR piztu jakinmina topaketak. Euskal Curriculuma

Euskal Curriculumaren gaiak herri gisa eragiten digu: neurri handi batean, hor erabakitzen baita zein begirekin begiratzen diogun munduari, inguratzen gaituen errealitateari; euskal begiekin, edo beste begi batzuekin. Euskal Hezkuntza Sistema propio eta bateraturik ezean, bestelako gaitegiak gailentzen dira, gure errealitatetik kanpo dauden begiradak nagusituz. Jakina, euskal herritarrok beste guztiekin baditugu komunean hainbat elementu. Baina, gurea eta espezifikoa dena lantzeak zerikusi zuzena du gure herriaren etorkizunarekin: zer dakigu gure historiaz, gure literaturaz, gure zientziaz eta gure pentsamenduaz, adibidez? Zenbat dakigu besteenaz eta zenbat gureaz? Zein da gure gizarteak kontsumitzen duen kultura? Zein komunikazio produktu eta kanaletan bizi gara, nagusiki? Zergatik gertatzen ote da hori?

Desoreka batean bizi da gure herria: dakigunak, ikasten dugunak, egiten gaitu garena. Jakiteak, ikasteak, libreago egiten gaitu. Baina, oso handiak dira aurrean ditugun erronkak, herri gisa geure burua indartu, kohesionatu eta normalizatu nahi badugu. Kezkatuta gaude, eta baditugu kezkatzeko motiboak ere. Euskal Curriculuma, horiei guztiei erantzuteko tresna bat da, tresna indartsu eta eraginkorra izan daitekeena. Ez da bakarra, eta gehiago behar dira. Baina, Ikastolek hausnarketa bat egin eta partekatu nahi dute euskal eragile guztiekin.

Guretzat, orain, garrantzitsuak dira bi gauza: herri bezala pentsatzen eta lanean jartzea. Zer da egin eta hobetu behar duguna Euskal Curriculum sendo bat lortzeko? Zer da gu egiten ari garena, zer ondo eta zer ez hain ondo? Zein neurri hartu behar ditugu? Gure kezkak eta zalantzak gure Komunitatean ere mahai-gaineratu nahi ditugu. Ispilu bat jarri benetan egiten ari garenari eta egin beharko genukeenari.

Euskal Curriculum propioa eraikitzeko lanean, aitortza egin nahi diegu bidegile izan diren eragile guztiei. Aldi berean, inoiz baino gehiago, elkarlanerako eta ekimenerako unea dela sinestuta gaude. Gure proiektu osoa jarri nahi dugu ideia horren zerbitzura: nola egingo dugu bidea?

 

BIHAR. Piztu jakinmina topaketak

ZERTARAKO?

Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso behar dituen oinarrien BIHAR endekalogoa aurkeztu genuen ikastolok iragan otsailaren 25ean, eta 11 oinarri ezarri genituen  nahi dugun hezkuntza sistemarako. 11 oinarri horien gainean, egiten dugunaren inguruan gogoeta egin eta biharkoari begira oinarri bakoitzaren inguruko ekarpenak jaso nahi dira. Biharkoari begira jakinmina piztu nahi da. Bide honi ekiteko "Euskal Curriculumetik eraikia" oinarriari heldu nahi zaio eta Euskal Curriculumetik esperientziak partekatuko dira. Esperientziak hezkuntza komunitate osoari zuzenduak eta hezkuntza komunitatearen partaidetza aktiboarekin.

ZER?

Lehenengo bi egunak ikastolon esperientziak partekatu eta gure ezagutza sarea indartzeko eta aberasteko izango dira. Ikastoletako praktika arrakastatsuak plazaratu eta hauek profesional bezala bere ikastolara eramateko bideak landuko dira.

Hirugarren egunean familiengana gerturatu nahi da. Familiengana Euskal Curriculuma gerturatu nahi da. Hartutako erabakitik, egindako ibilbidea azaldu eta egunerokoan nola lan egiten dugun azalduz. Modu sinple batean Euskal Curriculumaren ibilbide osoa azalduko da.

Laugarren egunean biharkoari begira jarri nahi da. Aurreko egunetan nondik gatozen, zer egin dugun, non gauden eta praktikatik hobetzeko zer dugun izan badugu esku artean, azken saio honetan gizarteko eragile ezberdinen ekarpenak jaso nahi ditugu. Beti ere, Euskal Curriculumaren eraikuntza honetan aberasgarri izango diren ekarpenak. Euskalgintzatik, herritik, euskaratik, hezkuntzatik... fokua esparru hauetan jarri eta aditu ezberdinek bere iparra azalduko dute. Biharko "Euskal Curriculuma erakitzen" jarraitzeko zutabe izan daitezkeen ekarpenak.

NOLA?

Maiatzaren 17/18/25/26 egingo diren BIHAR piztu jakinmina topaketetan. On line eskainiko diren telebista formatuko saioetan.

Lehen bi saioak 2 ordukoak izango dira (maiatzak 17/18 - 11:00/13:00). Lehen orduan esperientziak partekatuko dira partaide guztien artean eta bigarrengoan talde txikietan hauen inguruko dinamika egin eta beste esperientzia batzuk azaldu. (KUTXA gelan, Ikastolen Etxean. Hizlari denak bertan egongo dira eta bideratzailea izango da saioa gidatuko duena.

Lehen egunean

  • Herria hobetu dezagun (Natura, Gizartea, Matematika, Euskara )   Zurriola ikastola
  • Zubiak irekitzen (Teknologia)  Orioko herri ikastola
  • Zein rol hartu ditzake irakasleak ikasleen aurkezpenetan? Azkue ikastola

 

Bigarren egunean

  • Belaunaldien arteko kultur transmisioa:
  1. Santo Tomas Lizeoa: Olatz Otaño eta Lourdes Uranga. 5.1 Diz Eskuz esku.
  2. Txintxirri ikastola: Itsaso Basauri eta Koldo Anderez. 5.2 Arte Galeria + 6.2 Diz Azoka solidarioa
  • Hizkuntzen trataera integrala:
  1. Andramari ikastola: Iñaki Tolosa. 6.2 English. Master Chef Scape Room
  2. Elgoibar Ikastola: Maider Gurrutxaga. 5.2 Diz. Gure herria

 

Hirugarren eguneko saioa. Maiatzak 25 - 17:30/18:30. Solasaldi eran egingo den saioa izango da, MUren Aretxabaletako kanpusean egingo dena, bertako estudioan. Aurkezle batek galderak egingo dizkio partaide bakoitzari eta erantzunekin saioa osatu.

  • Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria: Euskal Curriculumaren sorrera eta ibilbidea
  • Zigor Ibarzabal, Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna: zutabeak eta praktikarako gakoak.
  • Eguneroko praktika bi irakasleren eskutik.

 

Laugarren eguneko saioa. Maiatzak 26 - 17:30 - 19:00. Arantzazuko Arantzazulab-en. Parte hartzaileak:

  • Gurutze Ezkurdia (Euskal Herriko Unibertsitatea)
  • Eneko Bidegain (Mondragon Unibertsitatea)
  • Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua)