Ibilaldiaren aurtengo ekitaldia aurkeztu dute

Gaur goizean aurkeztu dute Ibilaldiaren aurtengo ekitaldia. Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolak antolaturik, maiatzaren 30ean izango da, Sopelan. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua prestatu dute bi ikastolen artean, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da.

2021eko Ibilaldiak ez du ibilbiderik izango, ez janari eta edari zerbitzurik, ez kontzertu erraldoirik… Halere, lau gune nagusi izango ditu herrian zehar banatuta. Ekitaldi honen ezaugarriak kontuan hartuta, ezinezkoa izango da gune batetik bestera mugitzea; erabiltzaileak aukeratu egin beharko du.

Zentzu horretan, Ibilaldia egunean guneren batean parte hartu ahal izateko, bertan izango diren aktibitateez gozatzeko, aurretik Ibialaldia webgunean izena eman beharra izango da. Horrela egin ezean, ez da aukerarik izango Ibilaldiko guneetan sartzeko. Beraz, ez da besterik behar, baina derrigorrezkoa da webgunean izena ematea.

Guneak non kokatu aukeratzeko orduan, irizpide nagusietako bat pandemiaren ondorioz bete behar diren osasun neurriak ahalik eta bermerik handienarekin egiteko aukera ematen duten lekuak izatea pentsatu da, besteak beste. Horrela, berezko babesa edota ixteko erraztasunak eman ditzaketen tokiak hautatu dira.

Beste alde batetik, guneak izendatzeko orduan ere berezitasunen bat eman nahi izan zaie, eta horrela, bada, lau elementu klasikoetara jo dugu; lurra, ura, sua eta haizea (airea) elementuetara, hain zuzen. Halaber, gunea izendatutako elementua kontuan diseinatu da egitaraua. Alta, gune bakoitzeko egitarauan bi aktibitate mota txertatu dira. Bata parte hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duena, tailerrak; eta, bigarrena, berriz, ikuskizuna; pasiboagoa eta ikus edota entzutea eskatzen duena.

Ibilaldian zehar antolatu diren aktibitate ezberdinetan adin guztietako pertsonek leku izan dezaten saiatu gara, baina maiatzaren 30erako pentsatu diren hauetan familian, helduak eta umeak, elkarrekin, bizitzeko dira nagusiki.

Horrela, bada, hona guneen kokapena:

SUA GUNEA

SUA GUNEA Ander Deuna Ikastolan bertan kokatu da.

Orientazio eta dantza tailerrak eskainiko dira bertan eta DEABRU BELTZAK ikuskizuna.

Hasiera ekitaldia ere gune honetan izango da. 09:15ean emango zaio hasiera eta ohi legez, lagun kopurua guztiz mugatuta, instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan. Ekitaldi honetan, Ander Deuna eta Betiko ikastolek lekukoa pasatuko diote 2022ko Ibilaldiko antolatzaile izango den Bilboko Abusu ikastolari.

URA GUNEA

URA GUNEA Barinetxeko goiko aparkalekuan, hondartza gainean. Itsasoari begira eskuineko aldean.

Haurren hondartza tailerrak izango dira bertan. Bi aktibitate jasoko dira nagusiki.

Batetik, munduko beste herri batzuetako kultura ezagutzea; Saharar herriaren kulturaren ezagutza, hain zuzen. Aurretik, Bizkaiko ikastoletako Lehen Hezkuntzako ikasgeletan landutako gaia. Bestetik, haurren hondartza diseinatuko dute umeek.

Hondartzan ur-jolasak ere izango dira.

Bertako ikuskizuna ez daukagu zehaztuta une honetan, baina bertan urarekin zer ikusia duen zer edo zer egin nahiko genuke.

HAIZEA GUNEA

HAIZEA GUNEA ere Barinetxeko goiko aparkalekuan. Itsasoari begira ezkerreko aldean.

Irrintzi eta perkusio tailerrak izango dira bertan. “TURUTUKUPA” ikuskizuna bertan izango da.

LURRA GUNEA

LURRA GUNEA Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruan kokatzen da.

Talo eta Tai Txi tailerrak izango dira bertan eta “GORA KASETE” ikuskizuna.

AZOKA

Ez da gunea, baina Udaletxe Plazan 25 bat erakus-postu izango duen azoka izango da eskaintzen diren produktuak ikusteko eta erosteko. Kasu honetan ez da beharrezkoa izango aurretik izena ematea.

NOLA HELDU

Maiatzaren 30ean Sopela herrira heltzea guztiontzat errazagoa eta erosoagoa izan dadin, garraio publikoa (Metro Bilbao edo Bizkaibus), erabiltzeko gomendioa egin nahi du Ibilaldia Elkarteak.