2021eko Araba Euskarazeko kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte

Laudio Ikastolak erritmoa jarri dio aurtengo Araba Euskaraz ekimenari. Osasun krisiak eragindako egoerara moldatu behar izan badu ere, ilusioari zabaldutako bideak aurtengo edizioak ere soinu banda propioa izatea ahalbidetu du.

 “Zabal bideak” da Laudion ospatuko den Arabako ikastolen aurtengo jaiaren leloa,  bide bat erakusten duen leiho ireki bat duen irudiak lagundutakoa.

Hilabeteak igaro dira letra idazten, musika sortzen, estudioan grabatzen, koreografia asmatzen, herriko hainbat txokotan irudiak hartzen… hasi zirenetik eta Araba Euskaraz gertutik bizi ezin izan duten horientzat erakusleiho bihurtu nahi izan dute kanta eta bideoklipa.

Herria martxan eta dantzan jartzeko asko dira sorkuntza lanetan aritu izan direnak, asko izan dira euren alea Laudio Ikastola eta Araba Euskarazen alde jarri dutenak:

Laudio Ikastolako lau ikasle ohi batu dira kanta eta bideoa sortzeko: Izar Mendiguren Cosgaya abestiaren egilea eta euskararen eta euskal kulturaren bultzatzaile sutsua; Egoitz Uriarte Arabaizagoitia, letrari musika jartzearen arduraduna, aurreko Araba Euskazetan ere parte hartu izan duena; Txabi Alvarado Bañares, bideogilea, Aiaraldea hedabideko kazetaria eta Ainhize Solaun Mendiguren, dantzaren sortzailea, honezkero eskualdeko koreografo erreferentea,  eta hauekin guztiekin elkarlanean, Endika Guerrero eta Iskander Vesga saxoan, Garazi Orueta klarinetean, Laura Pelayo zeharkako flautan, Felix Miguel Adrian tronpetan, Flor Inza perkusioan, Daniel Lamperez teklatuan eta Eric Gomez baxuan. Ahotsean  ikastolako ikasleekin batera Egoitz, Alaia Mendieta, Xabi Basterra eta Ana Brau aritu dira.