Bilera Hezkuntza sailburu berriarekin

Gaur goizean egin dugu lehenbiziko bilera lanari ekin berri dion Hezkuntza Sail berriarekin, Jokin Bildarratz sailburua bera buru zuela. Bilera honetatik atera dugun ondorio nagusia sailburuak eta sailak elkarlanerako erakutsi duten prestutasuna eta borondatea izan dira.

Bi gai nagusi izan ditugu mahai gainean.

Lehena izan da ikasturte hasi berri honetako egoeraren azterketa, bereziki Covid 19 birusaren pandemiak hezkuntzan eragindako egoeraren azterketa. Ikastolen Elkartetik, ikastolaz ikastola egin dugun azterketaren eta diagnosiaren emaitza aurkeztu dugu. Hezkuntza sailburuak konpromisoa hartu du gure diagnosiari epe jakin batean erantzuteko. Abiapuntu gisa ikusten dugu, eta erantzunaren zain geratzen gara.

Bigarren gaiari dagokionez, sailburuak Hezkuntza Sailaren aurrera begirako egitasmoak aurkeztu dizkigu, eta legegintzaldi honetako lehentasunak zeintzuk izango diren esan digu. Horietatik lehena euskararen indarberritzea da, eta poztu gara hala izatea. Beste lehentasunek ere garrantzi handia daukate: Hezkuntza Legea, Hezkuntza sistema berritzea eta finantzaketa.

Hezkuntza sailburu berriak erakutsitako elkarlanerako borondate eta prestutasunari erantzunez, ikastolen izenean ere elkarrekin lan egiteko prestutasuna adierazi diogu, gure borondatea baita beste erakunde eta hezkuntza eragileekin batera urratsak egitea euskara biziberritzeko eta hezkuntza sistema berritzeko, Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean.